Sokamuturra Ez elkarteak deitoratu du sokamuturra ezin dela tradiziotzat hartu, "sufrimenduzko ohituratzat baizik". Hala, salatu du bigantxek bide luzea egiten dutela Getxoraino, "eta bidean beroa, estresa eta isolamendua jasaten dituztela, puntuka lehiatuko diren kuadrillek xaxatu aurretik". Ildo horretan, Nerea Landak, elkarteko bozeramaileak, adierazi du sokamuturra animaliei tratu txarrak emateko modu bat dela, "eta Getxok ezin du tratu hori onartzen jarraitu. Jai etikoagoak, jasangarriagoak eta gaurko balioekin bat datozenak eraikitzeko unea da".
Kontzentrazioaren antolatzaileen ustez, ikuskizun horrek ika-mikak dakartza herritarren artean, baina, aldi berean, eztabaida piztu du kuadrillen, elkarteen eta getxoztarren artean. “Manifestazioa aukera ederra da herritarrek uler dezaten bigantxek asko sufritzen dutela horrelako ikuskizunetan: oso animalia gazteak dira, beldurra eta estresa pairatzen dituzte, garraiatzen diren unetik bertatik, ekitaldia amaitu arte. Nekatu egiten dira, desorientatu egiten dira, oso gaizki pasatzen dute. Ez da iritzi bat: albaitaritza zientziak egiaztatu du. Begiak ireki behar ditugu, eta animaliak badiren bezala tratatzen hasi behar dugu: sentitu egiten duten izaki bizidun gisa, ez entretenimendu gisa”, esan du Roberto Fano albaitariak, elkarteko kideak.
Sokamuturra Ez elkarteak jakinarazi du bide horretan lan egiten jarraituko duela, ekintza publikoak egiten, sinadurak biltzen eta erakundeei proposamenak egiten, herriko jaien eredua alda dadin eta Getxo ere izan dadin jaietan animaliak erabiltzeari uko egin dion herri bat.
Getxoko Udalak, bere aldetik, herriko jaietan sokamuturraren etorkizunari buruz elkarrizketan oinarritutako adostasuna lantzeko beharra azpimarratu du. Azaldu duenez, Sokamuturra Ez kolektiboko ordezkariakaz batu da, eta, egindako bileretan berretsi du Portu Zaharreko jai-batzordeak indarrean dagoen araudia betetzen duela, bai udal mailan, bai Eusko Jaurlaritzaren legeari dagokionez.
Argazki-lehiaketa: begirada bat animalien begietatik
Kontzentrazioa egiteaz gain, Sokamuturra Ez elkarteak argazki-lehiaketa bat martxan jarri du animalien kontrako tratu txarrak salatzeko, sufrimendua animalien beraien ikuspegitik agerian jartzeko: animalien begiradak, ihes egiteko saialdiak, segurtasunik eza…
Lehiaketaren gai nagusia Algortako Portu Zaharreko jaietan bigantxek jasaten duten sufrimendua da. Bereziki aintzat hartuko dituzte animalia horiek garraioan zein sokamuturrak dirauen bitartean jasaten duten beldurra, estresa, mina edo etsipena modu etikoan, errespetuzkoan eta zirraragarrian transmititzea lortuko duten argazkiak.
Egoera hori larriagotzen duten inguruneko elementuak islatzen dituzten argazkiak ere aurkeztu ahal izango direla jakinarazi du elkarteak, hala nola oihuak, jazarpena, espazio publikoaren erabilera edota ur falta.
Lehiaketaren oinarriei, egunei eta materialak bidaltzeko moduari buruzko argibideak elkartearen web orrian daude eskuragarri.
Herritarren babesa
Sokamuturra Ez elkarteak deitu duen kontzentrazioak 17 elkarteren babesa izan duela jakinarazi du taldeak, hala nola Animalien Babeserako Euskal Federazioarena (EUSKANBAFED) –25 kolektibo batzen ditu–.
Babes kolektibo hori sokamuturra desagerrarazteko eskaera sinatu duten 10.000 lagunen laguntzari gehitu zaiola gogoratu du elkarteak; halaber, Getxoko eta inguruko udalerrietako hainbat albaitari-klinikaren laguntza ere baduela azpimarratu du, "kliniketan sinadurak biltzen gogotsu parte hartu baitute". Sokamuturra Ez elkartearen iritziz, herritarren eta elkarteen inplikazio "gero eta handiago" horrek "agerian" jarri du jaietako ikuskizunetan animaliak erabiltzearen aurkako sentsibilitate soziala gero eta handiagoa dela.