Udalak ohar baten bidez jakinarazi du azterketa hori aurtengo ekainaren 19tik 27ra bitartean egin dela, eta landa-lana Getxon bizi diren 900 pertsonari telefonoz elkarrizketak eginez egin dela.
Udalerriaren irudiari dagokionez, bizitzeko leku gisa gogobetetze globala 10etik 7,59koa da inkestaren arabera. Herritarrek identifikatutako arazo nagusien artean segurtasuna (% 26,1), etxebizitza (% 22,2), garbiketa (% 9,7), aparkalekua (% 7,6) eta berdeguneak eta lorategiak (% 7,6) daude. Gai horiek "lehentasunezkotzat" jo dituzte datozen bi urteetarako.
Udalaren kudeaketak 10etik 5,71ko batez besteko balorazioa izan du. Alderdi zehatzei dagokienez, kaleen garbiketak eta zaborren bilketak 6,96ko nota jaso dute, eta parkeen, lorategien eta hiri-altzarien mantentzeak 6,25ekoa.
Etxebizitzaren arloan, alokairuko etxebizitza babestuari dagokionez, Udalak 4,52ko puntuazioa lortu du, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriari dagokionez, 4,35. Inkestatutako pertsonen % 72,3k "asko edo dezente" bere kontura bizi nahiko luke, baina % 88,6k alokairuaren eta erosketaren prezio altuak jotzen ditu oztopo nagusitzat.
Bestalde, bere eremu edo auzoaren balorazioa 10etik 6,42koa da, eta Getxok beste herri batzuekaz alderatuta duen segurtasunaren pertzepzioari dagokionez, % 43,6k uste du berdina dela, % 29,9k seguruagoa dela eta % 12,7k ez dela hain segurua. Udaltzaingoak 6,39 puntu lortu ditu trafikoaren ordenamenduan eta atestatuetan, eta 6,17 puntu herritarren segurtasunean.
Halaber, trafikoaren eta mugikortasunaren egoerak 10etik 6,15eko balorazioa jaso du. Etxe bakoitzeko batez besteko auto kopurua 1,40 da, eta % 61,2k garaje-plaza propioa du. Getxon kaleak oinezkoentzat jartzeko eta espaloiak zabaltzeko egin diren eta egiten ari diren obren balorazioa 6,12 da.
Udalbatzan dauden alderdi politikoen jardunaren balorazioari dagokionez, herritarren arabera EAJk eta EH Bilduk soilik gainditzen dute (5,12 eta 5,09, hurrenez hurren), eta PPk du notarik txarrena (2,87).