Beste pertsona bat atxilotu dute joan den astelehenean Algortan gizon bati egindako erasoagatik

Erredakzioa 2025ko abu. 15a, 12:35

30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, eguenean, Getxon, astelehenean Algortan arma zuriz egindako erasoagaz zerikusia duelakoan. Beste bi pertsona atxilotu zituzten egun horretan bertan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, astelehen arrastian, abuztuaren 11n, 14:20 aldera, dei batek Algortan hainbat pertsonaren arteko borroka bat gertatzen ari zela ohartarazi zuen.

Poliziak iritsi zirenean, hiru pertsona aurkitu zituzten, horietako bi zaurituta. Erizain bat ari zen zauriturik larriena artatzen, eta, sabelaldean zituen zauriak ikusita, Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Beste zaurituak osasun-zentro batean jaso zuen laguntza.

Udaltzainek 25 eta 20 urteko bi gizon atxilotu zituzten, lesio-delitu bana egotzita. Getxoko ertzain-etxera eraman zituzten, eta han egon ziren martitzenean, hilak 12, epailearen esku utzi zituzten arte.

Ertzaintzak, Getxoko Udaltzaingoagaz elkarlanean, hirugarren inplikatu bat, 30 urteko gizon bat, atxilotu zuen atzo, eguenean, arma zuriz egindako lesioen ustezko delitu bat egotzita.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egitera, eta bariku goizean utzi dute epailearen esku.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun