Ruben Pellejero eta Josune Muñoz omenduko dituzte aurten Getxoko Komiki Azokan

Erredakzioa 2025ko ira. 1a, 09:44

Binetaren munduko zaleek motorrak berotzen hasi dira, urriaren 3tik 5era Getxoko Komiki Azokaren 23. edizioa izango baita gurean. Urtero legez, bederatzigarren artearen hainbat egile ospetsuk parte hartuko dute eta, besteak beste, Ruben Pellejero eskarmentu handiko artista bartzelonarra eta Josune Muñoz dibulgatzailea omenduko dituzte, komikiaren arloan egindako lan handiagatik.

Horiez gain, Paco Roca, Marika Vila, Irene Marquez, Beñat Olea, Raquel Glu, Jon Mikel Bañales eta Fernando Blanco egileek ere parte hartuko dute hainbat jardueratan, bai eta sinadura-txandetan ere. Santa Eugenia plazan eta Romoko Ibaiondo kalean izango da Azokako merkataritza-gunea, 40 salmenta-postugaz eta Romo Kultur Etxea izango da jarduera-programaren agertokia, besteak beste hitzaldiak, egileakaz eta sektoreko progesionalakaz topaketak, sinadurak, aurkezpenak eta tailerrak barne. Eremu bietan, sarrera doakoa izango da.

Ruben Pellejero (Badalona, 1952) nazioarteko artista ezaguna da. 1981ean Cimoc aldizkarian argitaratutako Historias de una Barcelona sailagaz egin zuen debuta Espainiako Estatuko merkatuan. Hurrengo urtean, bi hamarkadatik gorako lankidetza emankorra hasi zuen Jorge Zentner gidoilari argentinarragaz. Bere bibliografia zabal eta askotarikoan Dieter Lumpen (1985-1994) seriea eta El silencio de Malka (1994) albuma nabarmendu behar dira. Beste gidoilari batzuekaz elkarlanean ere aritu zen. Esaterako, Jean Dufauxen eskutik westernean sartzen da Lobo de lluvia lanagaz. Eta Christophegaz batera, road movie-a proposatzen du El largo y tortuoso camino (2016) lanean. 2015etik geroztik, bere ibilbideko erronkarik zailenetako bati egin dio aurre: Corto Maltes mitikoaren abenturakaz jarraitzea, hain zuzen ere.

Bestalde, Josune Muñozek (Bilbo, 1967) ibilbide luzea egin du komikiaren eta literaturaren dibulgazioan. Filologoa eta ikertzailea, Skolastika Literatur Zerbitzuen sortzailea da. Plataforma horren bidez, emakumeen kultura eta literatura- eta komiki-sorkuntza aztertu eta zabaldu ditu, metodologia propioa erabiliz. Literatura-kritika feminista ezaguna eta komikigintzan aditua, arlo horregaz lotutako jarduera eta ekitaldi kontaezinetan parte hartu duela. Azken urteotan, jarduera hori telesailen fenomenoaren ikerketagaz eta azterketagaz uztartu du, literatur kritika feministatik eta horietan emakumeak duen roletik abiatuta.

Egile gonbidatuak

Gonbidatuen zerrendari honako artista hauek gehitu behar zaizkio: Paco Roca, 2028ko Komiki Sari Nazionala, Arrugas, El invierno del dibujante, Los surcos del azar edo El abismo del olvido bezalako lan arrakastatsuen egilea; Marika Vila, komiki feministaren esparruko erreferentzia;  Irene Marquez El Jueves aldizkariko ohiko artista; Beñat Olea ilustratzailea; Raquel Glu umoregile grafikoa eta Fernando Blanco, mainstream komikian ibilbide ospetsua duen egilea non DC argitaletxeagaz egindako lana nabarmentzen den, esaterako, Detective Comics, Batman Eternal, Catwoman edo Dark Justice League sail ospetsuetan. Horiez gain, DC argitaletxeko Batman: The Brave and The Bold jarduten den Jon Mikel Bañales artista bilbotarra izango da azokan.

Laura Perez, kartelaren egilea

Azokako aurtengo kartelaren egilea den Laura Perezek (Valentzia, 1983) ere egongo da Getxon. Ilustratzaile gisa nazioarteko argitalpen ospetsuenetarako lan egin du, esaterako The Washington Post, National Geographic, The Wall Street Journal eta Vanity Fair-entzat. Komikiaren arloan, 2016an Valencia Crea 2015 lehen saria eskuratu zuen Empatia komikiagaz. Naufragos, bere lehen eleberri grafikoak, Pablo Monforte idazleagaz batera, IX. Fnac Salamandra Graphic Saria irabazi zuen, eta Frantzian, Italian eta AEBn argitaratu zen. 2022an, Emmy sarietarako izendatu zuten, Sólo asesinatos en el edificio (Disney+) telesaileko kreditu-tituluengatik. Astiberri euskal argitaletxeagaz Ocultos (2019) argitaratu du, bere bakarkako lehen eleberri grafikoa, 2020ko El Ojo Critico de Comic sariaren irabazlea bai eta Totem (2021), Espanto (2022) eta Nocturnos (2024) lanak ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun