Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiak 13 emanaldi eskainiko ditu, horietatik bost ordaintzekoak, Muxikebarri Antzokian, eta gainerako zortziak doakoak, hiru kokaleku ezberdinetan. Ordainpeko kontzertuetarako sarrerak daborduko salgai daude ohiko kanaletan.
Ordainpeko kontzertuak irailaren 10ean hasiko dira, Xabier Zeberio musikari gipuzkoarraren “Pause” proiektuagaz. Bere bakarkako debuteko diskoaren abestiak harizko instrumentuen eremura eramango ditu, Getxoko Andres Isasi Musika Eskolako ikasleen laguntzagaz.
Biharamunean, irailaren 11n, flamenkoaren eszenako artista enblematikoenetakoa den Estrella Morente izango da jaialdian, bigarren aldiz, "generoaren ahots garrantzitsuenetako bat izatera eraman duten ezaugarriak erakusteko".
Capercaillie musika tradizionaleko eskoziar talde mitikoa irailaren 13an arituko da. Hainbat hamarkadako ibilbidea atzean duela, "bere herrialdeko eta kanpoko erritmo tradizionalen erreferentzia nagusietako bat izan da, sustraiko musikak beste joera batzuekin uztartuz".
Irailaren 13an, berriz, Carminho portugaldarraren txanda izango da. Fado eta kantu tradizionalaren artisten belaunaldi berri baten erakusle da, eta "forma eta musika paisaia berriak aztertzeko gaitasunagatik" nabarmentzen da, "kanon tradizionalak alde batera utzita, baina sustrai sakonak dituen genero baten bidea alde batera utzi gabe".
Ordainpeko azken saioa irailaren 14an izango da, domekan, Hunkidura kuttunak ikuskizunagaz.
Doako saioak
Bestalde, Getxo Folk jaialdiaren programazioagaz bat egingo dute Areetako Xake plazan izango diren aire zabaleko doako kontzertuek. Besteak beste, La West Bluegrass Band, Erromintxelak, Hutsun Txalaparta, Sensei Music Ensemble eta Deira Band talde eta artistak bilduko dira, Ipar Amerikako soinu tradizionalak, euskal musika eta jazz-folka ekarriz.
Haur eta familientzako proposamen berezi bat ere izango da bertan, Ene Kantak talde ospetsuaren emanaldia eta txikienentzako ludoteka musikal bat barne hartuko dituena.
Azkenik, Ereaga hondartzako aparkalekuan kontzertu bi izango dira, 22:00etan: Chambao arituko da irailaren 12an, barikuan; eta Muerdo, 13an, zapatuan.