Zaloa Campillo Euskara zinegotziak adierazi duenez, “euskara gauza positiboekin lotu nahi izan dugu epaitegietatik eta datozen bestelakoak aparte utzita. Euskara eredu onekin, praktika onekin lotu nahi dugu eta horretarako, kanpainaren irudi gisa lau getxotar hartu ditugu, arrazoi desberdinengatik eredu diren 4 getxoztar: euskara ikasten ari den gaztea, kanpotik Getxora bizitzera etorri den getxoztarra, langile bat eta adinez nagusiago den “berbalaguna”. Lauak dira Getxoko euskaltegietako ikasleak eta lauek animatu nahi dituzte getxoztarrak animatu daitezen euskara ikastera, hobetzera eta erabiltzera”.
Kanpainari zabalkundea emateko, Udalak 5.000 esku-orri desplegable argitaratu ditu, jakin beharreko guztiak jasotzen dituena; honetaz gain, 150 kartel eta 4 bideo kanpainako irudi diren lau getxoztarrekin.
Aurten ere bada berritasunik, izan ere, deskontu bereziak izango dira C1 (16-18 urte) eta A1 (euskara zerotik) mailetako ikasleentzat, eta baita A2n matrikulatzen direnentzat ere.
Bestalde, 16 urtetik gorakoek aukera handia izango dute Udal Euskaltegian, Lauaxeta AEK-n eta Jose Antonio Agirre euskaltegian maila guztietako aurrez aurreko ohiko ikastaroetan izena emateko. Gainera, honako hauek ere izango dira aukeran: modulu txikiak, tituluak ateratzeko prestakuntza (zapatuetan ere bai), autoikaskuntza, eta mintzatzeko klaseak. Aurrekoetan bezala, dendarientzako eta ostalarientzako ikastaroak ere izango dira, eta etorkinentzat eta seme-alabakaz euskaraz egin gura duten gurasoentzat ere.
5 eta 15 urte bitartekoek matrikula egin ahal izango dute Areetako Ume Euskaltegian eta Algortako Inguma Umeen Euskaltegian.
Bestalde, Egizu elkarteak hainbat jarduera jarriko ditu abian, klaseetan ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko, horien artean, Berbalaguna, euskaraz berba egiteko taldeen ekimena.
Diru-laguntzak
Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu aurten ere. 16 urtetik gorakoentzat, HABEk ere ematen ditu, ezarritako baldintzak betetzen dituztenentzat.