Jarduera berrien artean nabarmentzekoa da “Bizikletan, adinik eta hesirik gabe”. Irailaren 18tik 20ra egingo da, 11:00etatik 13:00etara, Bizkaia Zubiaren plazan. Egokitutako trizikloakaz ibilaldiak egingo dituzte adinekoek, mugikortasun urria dutenek eta desgaitasuna dutenek. “Integrazioa eta zahartze aktiboa sustatzea da helburua, bizi kalitatea modu jasangarrian hobetuz”, azaldu du Iñigo Urkitza Ingurumen zinegotziak.
Irailaren 18an, gainera, Pedro Sacristan Udaleko arduradun teknikoak Getxoko bidegorriei buruzko hitzaldi-solasaldia eskainiko du RKEn, 19:00etan.
Aurtengo beste berritasunetako bat izango da “Urratsen Erronka” ekimena, herritarrak oinez ibiltzera animatzeko. Parte hartzeko #Walk15 aplikazioan izena eman behar da. Horrez gain, lehen laguntzetako tailerrak, familia osoarentzako ekintzak, bizikleta elektrikoen probak, mendi irteera irisgarria, belaunaldien arteko txirrindularien martxa eta Bizikletaren Ikuskapen Teknikoko Puntu bat egongo dira. Ingurumen Aretoan, berriz, ginkana bat egingo da Eskola Bideetan, lau txandatan, eta hamaiketako osasungarria eskainiko da.
Bestalde, irailaren 11tik urriaren 2ra argazki lehiaketa izango da, “Mugikortasun iraunkorra Getxon”, izenburupean. Parte hartzaileek bi argazki bidali beharko dituzte getxomovilidad@gmail.com helbidera; sari nagusia bizikleta tolesgarri bat izango da, zozketa bidez banatuko dutena.
Autorik gabeko Eguna eta trafiko murrizketak
Domekan, hilaren 21ean, Areetako Kale Nagusia eta Algortako Telletxe kalea oinezkoentzako gune bilakatuko dira 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Bide-segurtasuneko zirkuitua, ohe elastikoak, goitibeherak, skate tailerrak, egurrezko jokoak, xakea edo gimnasia erritmikoa izango dira, besteak beste.
Egun horretan 08:00etatik 20:00etara, Algortako eta Areetako erdiguneko kale batzuk itxita egongo dira. Ibilgailu pribatuak ezin izango dira sartu, baina garraio publikoak eta aldez aurretik baimendutako ibilgailuek izango dute sarbidea. Udalak herritarren laguntza eskatu du, eta ohartarazi du aparkatutako ibilgailuak garabiak kenduko dituela programatutako jarduerak ez oztopatzeko.