16. Balendin Enbeita Bertsopaper Lehiaketa

Sari ederrak prestatu dituzte bertsopaper onenak idazteko gai direnentzat

Ander Zarraga 2025ko ira. 15a, 10:17

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatzen duen Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketa martxan da. Bertsozale guztientzako zabalik dagoen lehiaketako gaia, neurria eta doinua libreak dira, eta lanak aurkezteko epea irailaren 30ean itxiko dute. Irabazleek txapelak, garaikurrak eta dirusari erakargarriak jasoko dituzte urte amaierako ALBE Gala ekitaldian.

Lehiaketa bi ataletan banatuta egongo da: 19 urtetik gorako helduak eta 18 urtez azpiko gazteak. Helduen kasuan, 8 eta 12 bertso bitarteko sorta aurkeztu beharko dute; gazteek, berriz, 6 eta 10 artekoa. Parte-hartzaile bakoitzak gura beste sorta bidali ahal izango ditu, betiere aurretik saritu edo argitaratu gabekoak.

Sari nagusiak honakoak izango dira: helduen atalean, lehen saria 1.000 euro, txapela eta garaikurra; bigarrena, 700 euro eta garaikurra; eta hirugarrena, 400 euro eta garaikurra. Gazteen artean, lehen saria 300 eurokoa izango da txapel eta garaikurrarekin batera; bigarrena, 200 euro eta garaikurra; eta hirugarrena, 100 euro eta garaikurra.

Bertsoak posta arruntez bidali daitezke ALBEren egoitzara (Martikoena 16, 2. solairua, 48992 Getxo), izengoitiz sinatuta eta egilearen datu pertsonalak aparteko gutunazal batean sartuta. Halaber, balendinenbeita@gmail.com posta elektronikora bidaltzeko aukera ere badago, dokumentu bikoitzagaz: batean bertso-sorta eta goitizena jasotzeko, eta bestean datu pertsonak.

Epaimahaia ALBEk izendatuko du eta bere erabakia aldaezina izango da. Saritutako lanen jabetza elkartearen esku geratuko da, eta hark izango du lan horiek argitaratzeko eskubide osoa. Informazio gehiago eskuratzeko, ALBEgaz harremanetan jarri 605 704 385 telefonoan, albegetxo@gmail.com helbidean edo www.albe.eus webgunearen bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun