Goizean, 11:00etan, Zazpi Jauzi kalejiragaz abiatuko da egitaraua Basarrate parketik, Txilibita fanfarrearen doinuakaz. Jarraian, herriko zazpi gune desberdinetan egingo dituzte geldialdiak, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizasoren bertsoakaz, Josu Zarateren gidaritzapean abestuko diren Euskal Herriko kantakaz, eta Iñaki Egurenen zuzendaritzapean ariko diren dantzariek lagunduta. Altxa eta Uktest taldeetako txalapartariek ere erritmoa jarriko diote jrdunaldiari. Kalejira Telletxe plazan amaituko da, familia argazki erraldoiagaz eta Zazpi jauzi dantzagaz.
Goizeko ekitaldien ostean, bazkaria Saniko tabernan egingo dute; horren prezioa 20 euroko izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da ALBEgaz harremanetan jarrita. Arratsaldean, festa-giroak San Nikolas plazan jarraituko du; izan ere, 17:00etan bertso-saioa izango da, Paule Loizaga, June Diaz, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizasoren eskutik, Unai Mendibururen gidaritzapean. Ondoren, 18:00etan hasita, Luhartz taldearen erromeriak 20:00ak arte luzatuko du jaia.
Urtero legez, herriko kaleak kantuz, dantzaz eta musikaz beteko dituen ospakizun berezi honetan parte hartzeko modu bi egongo dira: taldeka, dantza, musika edo kantu taldeen parte-hartzeagaz, aurretik ALBEgaz adostuta edo banaka, kalejira eta jardueretan libreki batuz. Antolatzaileek janzkera tradizionalagaz joateko gomendioa egin diete bertaratzeko asmoa dutenei, hala nola dantzari, baserritar, arrantzale… Hala ere, adierazi dute aukera guztiak izango direla ongi etorriak. Jarri duten baldintza bakarra hau da: egunean zehar euskaraz egitea, hitza ere dantzan jar dadin.