Getxo Kirolakek Fadurako fitness-muskulazio gela zabaldu du erosotasuna eta moldakortasuna irabazteko

Ander Zarraga 2025ko ira. 16a, 16:13

Esku-hartzeari esker, muskulazio gimnasioak 140 metro koadro baino gehiago irabazi ditu. © GETXO KIROLAK

Fadurako kiroldegiak fitness-muskulazio areto zabalagoa eta moldakorragoa izango du hilabete honetatik aurrera; izan ere, Getxo Kirolakek pisuakaz lan egiteko eremua berritu du, eta 442 metro koadrotik 582 metrora igaro da, herritarren eskaera ohikoenetako bati erantzuna emateko: kirol-instalazioak hobetzea.

Getxoko Udalaren arabera, handitzeak aukera emango du gimnasioan jarduera gehiago programatzeko eta zerbitzu hori erabiltzen duten abonatu kopuru handiari erosotasun handiagoa eskaintzeko. Lanak gaueko ordutegian egin dituzte abuztuan, eta horri esker gimnasioa normaltasunez irekita mantendu ahal izan dute. Igeltserotza, pintura, elektrizitatea, arotzeria eta suteetatik babesteko sistemak eta bideo-sistemak birkokatzea barne, 15.600 euro inguruko kostua izan du lanak.

Faduraz gain, Getxo Kirolakek beste gimnasio bat du Gobela kiroldegian. Biak daude abonatuen eskura, 39,30 euroan hilean (27,90 euro hamabostaldian), eta honako zerbitzu hauek eskaintzen dituzte: entrenamendu pertsonalizatuak, banakako dietak, oposizioetarako prestakuntza fisikoa, haurdunentzako entrenamendua edo lesioen errekuperazioa. 2024an, 2.050 pertsonak erabili zituzten instalazio horiek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun