Urpekariek Portu Zaharreko itsas hondoa garbituko dute domeka honetan

Ander Zarraga 2025ko ira. 17a, 13:05

Urpekariak itsasondoa garbitzen, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Itsas Zaindarien Sareko urpekariek Algortako Portu Zaharreko itsas hondoa garbituko dute hilaren 21ean, 09:00etatik aurrera. Ekintza Marefondum eta Divertek elkarteek antolatu dute Getxoko Udalaren laguntzagaz. Jarduera Itsas Hondoen eta Hondartzen Nazioarteko XI. Itsas Hondoen eta Hondartzen Garbiketa Handiaren barruan kokatzen da. Zazpigarren urtez jarraian, batzen diren hondakinen kiloak Elikagaien Bankuari emango zaizkion janariengatik aldatuko dira.

Domekan egingo duten garbiketaren helburua hiritarrak sentsibilizatzea izango da, gizakion jarduerak kostaldean, ozeanoetan, aintzira eta ibaietan dituen ondorioen inguruan. Era berean, hiritarrak ere arduratu gura dituzte beren ekintzek ingurumenean eragin txikiagoa izan dezaten; izan ere, herritarrak heztea eta erantzule egitea da ekimenaren helburua: itsasertzaren aberastasunaz eta hauskortasunaz eta gure keinuek naturan dituzten ondorioez; hondakinen jatorriaz, horien bizi-iraupenaz eta kostaldeetan duten eraginaz; eta herritarren keinu ekologikoez.

"Kontzientziazio lan garrantzitsua da, eta horrek lagundu egiten du herri barruko bideetan uzten diren hondakin asko haizeak eta euriteek eramanda itsasoan amaitzen direla ulertzen. Halaber, azpimarratu behar da oso garrantzitsua dela lan hori egin ohi ez den espazio batzuk garbitzea, konplexutasun teknikoa dutelako", adierazi du Iñigo Urkitza Getxoko Udaleko Ingurumen zinegotziak.

Domekako jardueran parte hartuko duen urpekari taldeak pertsona boluntarioen laguntza izango du lehorrean, eta, horregatik, udalerriko bizilagunak animatu gura dira bertan parte har dezaten.

Ingurumen-ekintza honi buruzko argibide gehiago jasotzeko marefondum@gmail.com helbidea ahalbidetu dute harremanetan jarri gura dutenentzako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun