Aisialdiko begirale titulua eskuratzeko laguntzak emango ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2025ko ira. 19a, 12:46

Artxiboko irudi bat. Argazkia: Freepik

Aisialdiko begirale titulua lortzeak ate asko ireki ditzake, izan udako lanetarako, kirol klubetan aritzeko edo diru apur bat irabazteko. Getxoko gazteek aukera izango dute aurten ikastaro hori bertan eta euskaraz egiteko, Udalaren laguntzari esker.

Ikastaroa 17 urtetik gorako ikasleei zuzenduta dago eta urriaren 10ean hasiko da, 2026ko maiatzean amaituz. Saioak bariku arrastietan izango dira, 15:30etik 20:30era, San Nikolas Ikastolan. Prezioa 475 eurokoa da, baina Getxoko Udalak diru-laguntzak eskainiko ditu ikasleentzat. Informazio xeheagoa udalaren webgunean kontsultatu daiteke.

Aisiola Eskolak emango du prestakuntza eta ikastaroa gainditzen dutenek Eusko Jaurlaritzaren agiri ofiziala jasoko dute. Antolaketa lanak Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkarteak egingo ditu, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun