Areetako hondartza hustu dute lehergailua izan daitekeen artefaktu susmagarri baten ondorioz

Ander Zarraga 2025ko ira. 19a, 14:24

Kezka sortu dira bariku goiz honetan Getxoko Areeta hondartzan, lehergailu bat izan daitekeen artefaktu oxidatu bat aurkitu ondoren. 10:30ean eman dute abisua, paseoan zebilen herritar batek uretan objektua ikusi eta larrialdi zerbitzuei deitu ostean.

Ertzaintzak hondartza hustu du eta objektua markatu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, oraindik ez dakite mortero zahar bat edo obus bat den, ezta zenbat denboraz egon den uretan ere. Gertalekura Ertzaintzako lehergailuen espezialistak bertaratu dira, baita Getxoko Udaltzaingoa ere.

Artefaktua itsasertzetik gertu azaldu da, baina mareak gora egin duenez, objektua urpean geratu da eta ezin izango da esku-hartzerik egin gaur gaueko itsas-behera arte. Segurtasun neurri gisa, hondartza hustu dute eta, momentuz, bihar arte itxita mantenduko dute, gauez ez baitute lanik egingo segurtasuna bermatutzat jo arte.

Agintariek ez dute baztertu objektua Gerra Zibileko lehergailu zahar bat izatea, antzeko aurkikuntzak gertatu izan baitira beste leku batzuetan ere. Bien bitartean, hondartza inguruan segurtasun-neurriak zorrozten jarraituko dute, arriskurik egon ez dadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun