Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketak sariak banatu ditu aurten ere

Erredakzioa 2025ko ira. 22a, 09:47

Irabazleen familia-argazkia. © GETXOKO UDALA

Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak bultzatutako Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketaren zortzigarren edizioaren irabazleak jakinarazi dituzte. Nerea Balda Sanjuanek euskarazko lan onenaren saria eskuratu du eta Paula Hoyos Gomezek gaztelaniazko testu onenari emandakoa. Gainera, Malen Onandia San Juan eta Ines Sanchez Ordoño ikasle gazteak saritu dituzte Txiki Baskardo haurrentzako kontakizunen lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.

Zure arnasa zaintzeko, euskarazko saria irabazi duen eleberria, Nerea Balda Sanjuanek (Irurtzun, 1975) lana da. Istorio horren bitartez, egileak familia baten unibertsora ez ezik, ezaguna den unibertso batera ere lekualdatzen du publikoa, estilo garden, sentikor, sinesgarri eta umoretsu bategaz, pertsonaiekiko enpatia sortzeko gai dena, amaren eta alabaren arteko harreman konplexuak eta nerabezaro hain konplexuaren gorabeherak ulertzeko eta adierazteko gaitasun handia duena. Euskal Filologian lizentziaduna eta Altsasu BHIko euskara irakaslea, egile nafarrak hirugarren aldiz irabazi du lehiaketa hau; izan ere, 2018an, Atzerrian eleberriagatik lehen edizioko saria eskuratu zuen eta, 2022an, gauza bera egin zuen Azpimarrak lanagaz. 2022an ere, Iruñeko Udalak bultzatutako Euskarazko Sortzaile Berrien Lehiaketaren 27. edizioan ere irabazle izan zen.

Bestalde, Paula Hoyos Gomezek (Aguilar de Campoo, 1992) gaztelaniazko eleberri onenaren saria eskuratu du Dormir fuera de casa lanagaz, estilo zehatz eta ia dokumentalista duen kontakizun koralagaz. Egileak, bere istorioan, nahigabe eta gogaituta dagoen gizarte baten norabiderik ezari heltzen dio, atzeratutako hegaldian eta abiatzen ez diren bizitzetan bat egiten duten pertsonaien barruan sakonki sartuz, non ia bidaiari gisa ibiltzen diren. Farmazian graduatua eta Gizarte Zientzietako ikaslea, Hoyos Bartzelonan bizi da eta testu honegaz eleberriaren arloan egin du debuta, nahiz eta aurretik hainbat kontakizun-lehiaketa irabazi dituen, horien artean, Maria de Maeztu Lehiaketa (2023).

Zortzigarren edizioa

Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketaren azken edizio honek 217 lan jaso ditu, jatorri askotarikoak: 45 Euskal Herriko egileen eskutik, horietako 10 getxoztarrak. Gainerako 162 eleberriak Espainiako ia erkidego guztietatik bidali dituzte, eta Madrilgo, Andaluziako eta Kataluniako parte-hartzaileak nabarmendu dira. Haritz Larragetak, Itxaso Martinek eta Irati Jimenezek osatu dute lehiaketaren aurtengo epaimahaia. Ohi bezala, irabazleek 6.300 euroko saria jasoko dute. Halaber, euskarazko eleberria Erein argitaletxeak argitaratuko du, Getxo Kulturagaz duen hitzarmenari esker eta, gaztelaniazko testuari dagokionez, beste 1.000 euroko laguntza gehigarria izango du lana argitaratzen badute.

Txiki Baskardo lehiaketa

‘Txiki Baskardo’ haurrentzako kontakizunen lehiaketari dagokionez, Malen Onandia San Juanek, Azkorri Ikastetxeko ikasleak, euskarazko modalitatean jaso du saria, estereotipoak hausten dituen trama indartsu eta hunkigarria duen testu bategaz. Istorio horren protagonista beste gazte baten adiskide egiten den haur bat da, lehenengoaren aitaren tratu txarren aurrean babesa eta itxaropena emango diona. Formalki ondo garatuta, amaiera poetiko eta itxaropentsu bategaz amaitzen da kontakizuna.

Bestalde, Ines Sanchez Ordoñok, Europa Ikastetxeko ikasleak, gaztelaniazko lehiaketa irabazi du, itxurak gainditzearen garrantzian sakontzen duen istorio bategaz. Kontakizuna ipuin klasikoaren egitura erabiltzeagatik, pertsonaiak eraikitzeagatik eta fantasiaren eta errealitatearen arteko paralelismoagatik nabarmentzen da. Aurtengo edizioan, honako ikastetxe hauetako DBHko 1. mailako ikasleek parte hartu dute: Julio Caro Baroja, Europa Ikastetxea, Aixerrota eta Azkorri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun