"Tristuraz eta kezkaz hartu dugu albistea. San Nikolas ez da Portuaren sinboloa bakarrik, Algorta osoarena ere bada", azaldu du Anselmo Ardanza Portu Zaharreko auzokideen elkarteko presidenteak. Izan ere, gogoratu duenez, San Nikolasen izenak arrasto sakona utzi du Algorta osoan: "Portuko ermita zaharrak —laster kulturgune bilakatuko denak—, kale batek, parrokiak, Arriluzeko Gurutze Gorriaren egoitzak, Portu Zaharreko jaiek eta antzinako arraun-taldeak izen hori daramate".
Alabaina, ez da lehen aldia ezezagunek horma-hobia erasotzen dutena; aurretik ere hautsi izan dute figura gordetzen duen kristala. Hala ere, auzokideen elkarteko kidearen arabera, irudiari berari "eraso" egiten dioten lehen aldia izan da, orain arte ez baita horrelakorik gertatu.
Ardanzak Etxetxuko arkupearen egungo egoera ere kritikatu du, itxita baitago azken konponketan habe batean antzemandako akatsen ondorioz. "Auzokideek ez dute gustuko egoera hau, ezta historiari eta eraikin honi buruzko sentsibilitatea duen edonork ere", deitoratu du. Izan ere, higiezina jabetza pribatukoa bada ere, gogoratu du erabilera publikoa duela eta horrela agertzen dela Jabetza Erregistroan.
Auzo elkartearen lehentasuna, orain, San Nikolasen figura berreskuratzea da: "Lehen helburua San Nikolasen irudia berriz jartzea da. Horretarako, bideragarriak diren aukera guztiak aztertuko ditugu", iragarri du Ardanzak.