Isusko Saratxu, Shotokan karateko munduko txapeldunorde

Iker Rincon Moreno 2025ko ira. 24a, 10:45

Isusko Saratxu, Espainiako Txapelketan garaikurra jasotzen. © ISUSKO SARATXU

Getxoko Kuu Shi Kan karate eskolako arduraduna den Isusko Saratxuk zilarrezko domina jantzi du irailaren 21ean amaitu zen Shotokan Karateko Munduko Txapelketan. Beteranoen kategorian lehiatu zen (40 urtetik gorakoak), Cádizen, San Fernando herrian.

Saratxu gaur egun Espainiako txapelduna da kategoria absolutuan (senior) eta beteranoetan txapeldunorde. Izan ere, uztailaren 12an San Fernandon bertan ospatutako Espainiako Karate-Do Txapelketan garaipena lortu zuen kata senior modalitatean, eta bigarren postuan geratu zen beteranoen sailean.

Munduko Txapelketan izandako Getxoko ordezkaritza ez zen Saratxura mugatu: Ander Artetxe ere aritu zen munduko txapelketan, 15 urteko gazteen kategorian. Artetxe Kuu Shi Kan eskolako 130 ikasleetako bat da.

Lehiaketa irailaren 19tik 21era bitartean jokatu da, eta 800 karateka bildu ditu Europatik, Afrikatik eta Amerikatik etorritakoak. Parte hartu duten herrialdeen artean izan dira, besteak beste, Ghana, Brasil, AEB, Mexiko, Eskozia, Suitza, Italia, Portugal, Polonia, Errumania, Ingalaterra, Gales, Danimarka, Alemania, Belgika eta Txekiar Errepublika.

Shotokan karatea Japoniako arte martzial tradizional bat da. Saratxuk Japonian bertan trebatzeko aukera izan du bi aldiz, Tokion dagoen JKA (Japan Karate Association) dōjō nagusian, munduko maisu entzutetsuakaz. Horrez gain, urtero hartzen du parte haien gidaritzapean antolatutako mintegi, ikastaro eta entrenamendu berezietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun