Europako Champions League Llargues Txapelketan aritu da Algorta Bote Luzea Taldea

Iker Rincon Moreno 2025ko urr. 1a, 08:23

Algorta Bote Luzea taldea Herbehereetan aritu da aste-akabu honetan, Europako Champions League Llargues Txapelketan. Ilusioz eta gogoz biziz ekin zioten erronkari, baina onartu dute llargues-jokoa “erabat ezberdina” egin zitzaiela, eta ezin izan zutela aurkariei eutsi: “Fikziozko mundutik errealitatera bueltatu ginen azkar bi partiduen emaitzekin”.

Euskal Herriko Bote Luzea Txapelketa irabazita, Europako Champions League Llargues Txapelketan aritzeko txartela lortu zuen Algortako taldeak, Euskal Herriko ordezkari gisa. Leewgarden hirian jokatu zuten ligaxkako fasea. Zapatuan, txapelketako antolatzaileak ziren OKK Bitgum taldearen aurka aritu ziren lehenengo partidan, eta Valentziako La Rectoria taldearen kontra ondoren. Norgehiagoka bietan porrot egin zuten algortarrek: 8-1 emaitzagaz lehenengoan, eta 8-0 bigarrenean. “Llargues-jokoa erabat desberdina da; pilota, arauak, kantxa, teknika…”, azaltzen dute algortarrek.

Aurrera egiteko aukerarik izan ez zuten arren, txapelketako gainerako partidez gozatzeko parada izan zutela nabarmendu dute.

Algortakoek azaldu dutenez, joko-mota bien arteko ezberdintasun handiena da kantxaren luzera, “llargues-ean luzeagoa da, 72 metrokoa”, eta pilotaren tamaina eta pisua: “Pilota txikiagoa eta arinagoa da, 38 gramo gutxi gorabehera”. Bestalde, arauak ere bestelakoak direla diote.

Eskuzko pilota modalitate hau Europako hainbat tokitan jokatzen da, hala nola Frantzian, Belgikan (iaz bertan aritu ziren algortarrak txapelketa berdinean), Herbehereetan, Italian, Valentzian eta Euskal Herrian, eta Munduko Esku Pilota Batzordeak modalitate bateratu bat sortu du Europa mailan txapelketa bat jokatu ahal izateko, “herrialde bakoitzean modu ezberdinean jokatzen baita”.

Algorta Bote Luzea taldeko kideek aitortzen dute “ohorea eta erronka handia” izan dela Euskal Herria Europan ordezkatzea, “sari polita Euskal Herriko Txapelketa irabazteagatik”. Gainera, nabarmendu dituzte lehiaketan beste taldeakaz sortutako harremanak eta kultur trukeak, “zeharo aberatsak dira guretzako”.

Euskal Herritik Herbehereetara

Aurten, Algorta Bote Luzea kirol klub gisa osatu da, eta bertan, pilotariez gainera, beste kide batzuk daude: “Lagunak gara denok, eta laguntzen jarduten duten beste kide batzuk daude sartuta taldean, jokatu ez arren”. Hala, zazpi pilotari eta laguntzaile bi joan dira txapelketara.

Lortutako emaitzak gorabehera, txapelketan bizitakoagaz bueltatu dira herrira. Diotenez, oso zaila egin zaie lehiatzea, “entrenamendu eta egokitze-denbora faltagatik”. Hala ere, haien motibazioa euskal pilota zein eskuzko pilotako modalitate “ahaztuak edo baztertuagoak” plazara eramatea dela azpimarratu dute, “gure kulturarekiko maitasuna eta pasioak mugitzen gaituelako”.

Lagunen artean sortutako taldea maila serioago batera igo dute algortarrek, eta, iragarri dutenez, haien erantzukizuna da Algortan euskal pilota, “eta bereziki bote luzea, pilotako modalitaterik zaharrena”, goratzea bilatuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun