El Abra-Getxo Kirol Portua Sozietateak harriduraz eta deserosotasunez jaso zuen atzo 21:30ean Abra Getxo Port (AGP) enpresa emakidadunaren aldetik portuaren kudeaketa uzteko erabakia. Zerbitzu publiko baten etorkizuna enpresa pribatu baten aldebakarreko erabakiaren esku geratu izana leporatzen diote Abra Getxo Port enpresari, eta gertakaria Kirol Portuaren Administrazio Kontseiluaren esku jarriko dutela iragarri dute. Horretarako talde teknikoak eta juridikoak txosten bat lantzen ari dira daborduko.
Bere aldetik, Amaia Aguirre Getxoko alkate eta Kirol Portuko presidenteak lasaitasun mezu argia helarazi izan gura du: "Kirol Portuak normaltasunez funtzionatzen jarraitzeko beharrezko konponbideak lantzen ari gara. Zerbitzua bermatuta dago, eta Getxorako eta Bizkairako funtsezkoa den azpiegitura honen etorkizuna seriotasunez, gardentasunez eta irmotasun instituzionalez kudeatzen jarraituko da".