#0KM - Berton bertokoa

Leire Ondarroa Amas: "Garrantzia gehiago ematen diet mugimenduari eta gorputzari, koreografiari baino"

Ander Zarraga 2025ko urr. 8a, 14:54

Enbata Espazioa Algortako Juan Bautista Zabala kalean dago.

Enbata Espazioan gorputzen mugimendua eta dantza garaikidea dira ardatza. Leire Ondarroa Amas dantzariak sortu zuen gune honek esperimentaziorako gune ere izan gura du; izan ere, berarentzako garrantzitsuena ez da dantza bera, baizik eta gorputz bakoitzak zer adierazi dezakeen.

Egunero egiten ditugun mugimenduakaz apurtu eta norberaren gorputzaren ulermena indartzeko klaseak eskaintzen ditu Ondarroak. Bere saioak dantza garaikidean eta luzaketa saioetan banatzen dira eta adin-tarte oso desberdinetako ikasleak ditu, 18 urtetik hasita 60 ingurura arte. Dioenez, hasieran gauzak nahiko modu zurrenean hasi zen egiten, baina ikusi zuen jendeak eguneroko zurruntasun horretatik atera gura zuela, eta bere gauzak egiteko moduak horietara moldatzen joan zen.

“Kulturan oso gutxi inbertitzen dela uste dut. Beste herrialde batzuetan gehiago eta hobeto kontsumitzen da, eta uste dut gurean hemen lanketa egin behar dugula oraindik”

"Ikasleei beti esaten diet nire klaseetara etortzeko ez dutela zertan aurretik dantzan edo beste kirolen batean aritu izan behar, zerotik hasten bainaiz, eta klaseak pertsona bakoitzari moldatzen ditudalako. Asko gustatzen zait ikustea ikasturtean zehar jendeak antzematea nola aldatzen diren beraien gorputzak; horregatik, esaten dut mugimenduan jartzen dudala ardatza. Horrez gain, imajinazioa ere asko lantzen dut, adibidez, ikasleei suge batekin edo uretan dantzatzen ari direla imajinatzeko esaten diet", kontatu du dantza-irakasleak.

Horrez gain, Enbata Espazioan bigarren adar bat ere ari da lantzen, "dantzatzea ez delako garrantzitsuena", eta bestelako arteek eta diziplinek euren eragina dutelako, hala nola argazkilaritzak edo musikak. Azaldu duenez, Algortako beste emakume batzuekaz, inguruko gazte sortzaileek elkar ezagutzeko eta hurbiltzeko gune baten sorrera abiatu du. "Inguruan sortzaileak garen emakumeon arteko sarea egiteko espazio bat sortu nahi dut", zehaztu du. 

Etorkizunera begira, Enbata Espazioa hedatu nahiko lukeela dio, bere egitasmoagaz bat egiten duten pertsona gehiago sartu nahiko lituzkeelako. Horrez gain, bere dantzariaren izaerari ere eutsi gura dio, eta etorkizunean piezaren bat ere sortu nahiko lukeela iradoki du: "Barruko dantzaria ateratzea eskatzen dit nire gorputzak". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun