Dokumentua parte-hartze komunitarioaren bidez landu dela azaldu dute udal-iturriek. Horretarako, gizarte, osasun, hezkuntza eta kultura eragileakaz 15 elkarrizketa eta hiru talde fokal egin dituzte. Horri esker, udalerriko errealitatearen diagnostiko eguneratua egin dutela ere nabarmendu dute.
Planak lau helburu estrategiko ezartzen ditu: batetik, ingurune osasuntsuak sustatzea eta drogen eskuragarritasuna murriztea; bestetik, osasuna eta prebentzioa indartzea, eskoletan, familietan eta aisialdian jarduerak egitea; ezagutza eta berrikuntza zabaltzea, ikerketa eta prestakuntza berrien bidez; eta, azkenik, sare-lan koordinatua finkatzea, erakunde, familia eta komunitatearen arteko elkarlana sendotuz.
Gainera, planak 40 ekintza zehatz jasotzen ditu: eskolako prebentzio-programak, tailerrak, jai-guneetako sentsibilizazio-kanpainak, mugikorren erabilerari eta apustu-jokoei buruzko heziketa, eta emakumeen artean psikofarmakoen kontsumoa murrizteko ekimenak.
Amaia Agirre alkateak nabarmendu duenez, "plan honek Getxoren konpromisoa berresten du herritarren osasunarekin eta ongizatearekin. Ezagutza, prebentzioa eta koordinazioa uztartzen dituen tresna da, komunitate informatuago eta babestuago baterantz".
Horregaz batera, Carmen Diaz Gizarte Kohesiorako zinegotziak azpimarratu duenez, "Getxo osasuntsuagoa eraikitzea zeregin kolektiboa da; erakundeek, familiek eta gazteek funtsezko rola dute adikzioen aurkako borrokan".