Irakasleek deitoratu zutenez, proiektu horrek "oso larriki" eragingo lieke inguruko ikastetxeei eta, hori dela eta, gogoratu zuten Artaza-Romo institutuak, Betiko ikastolak eta Artaza eta Romo eskolek manifestu bat zinatu zutela lanak bertan behera gelditzea eskatuz.
Salatu zuten Aldundiak milioikoa metro kubiko lur eta arroka atera gura dituela Artatza parketik, "leherketak zein teknika mekanikoak erabiliz eta 45 metroko zulo bat eginez". Azaldu zutenez, zulo horrek meategi baten antzekoa bihurtuko luke eremua, "Artaza-Romo institutuko leihoengandik 55 metrora". Gainera, lanok patioaren zati "handi" batek hartuko lukeela deitoratu zuten, "ikasleen jolas-eremua murriztuz".
Horrez gainera, zulaketa horiek ikasleen osasunean eragina izango luketela iragarri zuten, "sortuko duten zaratarengatik, zein eragingo luketen airearen kutsadurarengatik". Gogoratu zuten, gainera, hasiera batean, ingurumen-inpaktuko lehen txostenean leherketak baztertu zirela, ikastetxean zein inguruko bizilagunengan izango lituzkeen eraginengatik, baina martxoan, moldaketa baten bidez, legalizatu egin zituztela.
Martitzenean kalera atera ziren irakasleen ustez, lanok "arriskuan" utziko lukete Artaza-Romo ikastetxearen biziraupena, eta, horregatik, herritarrak proiektu horren aurka mobilizatzera deitu dituzte. Hala, Subflubiala Ez plataformak urriaren 18rako deitu duen manifestazioagaz bat egitera deitu zuten.