PPk azalpenak eskatu dizkio Getxoko Udalari Gobela ibaiaren kutsaduragatik

Erredakzioa 2025ko urr. 9a, 12:15

Gobela ibaia, artxiboko irudian.

Getxoko PPk informazio zehatza eskatu dio Udalari Gobela ibaian atzemandako HCH-Lindano kutsaduraren inguruan. Kutsadura hori, Eusko Jaurlaritzako Uraren Agentziak (URA) eta AZTI fundazioak egindako txosten baten arabera, Lleuriko zabortegi zaharretik dator, gaur egun Leioako Artea merkataritza gunearen azpian dagoen gunetik.

Txostenak dioenez, Lleuri zabortegitik ateratzen diren lixibiatuek ez dituzte betetzen uraren kalitate kimikorako baldintzak, eta substantzia bera agertu da Nerbioi, Asua, Ballonti eta Galindo ibaietako kontrol estazioetan ere. Horrek adieraziko luke isurketa jarraitua dagoela, eta sistemaren osotasunean eragina duela.

Eduardo Andrade PPko bozeramaileak ohartarazi du ezin dela "beste aldera begiratu, ingurua kutsatzen ari diren zabortegi zaharrak oraindik itxita ez badaude". Halaber, eskatu du Udalak argitu dezala Lleuriko zabortegia behar bezala estalita dagoen ala ez, eta zein neurri hartu diren lixibiatuen filtrazioa saihesteko.

PPk ingurumen batzordean azalpenak eskatuko ditu gaur, eguenean, Gobela ibaiaren berreskuratzea eta inguruko segurtasuna bermatzeko asmoz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun