Ongi Etorri Errefuxiatuak

"Harrera ez da kalkulu politikoen araberakoa izan behar, baizik eta betebehar demokratiko eta gizatiarra"

Ander Zarraga 2025ko urr. 9a, 14:03

Domeka goizean, Algortako Portu Zaharrean elkartasunezko eta kontzientzia pizteko ekintza egin zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboak: "Itsasoak dakarkiguna" lelopean, migratzaile eta errefuxiatuen egoera ikusarazteko eta harrera duinaren alde egiteko ekintza sinbolikoa antolatu zuten, itsasoaren aurrean migratzea eskubide unibertsala dela aldarrikatzeko.

Parte-hartzaileek irakurri zuten manifestuak gogorarazi zuten "gure herrietara iristen diren pertsona asko kalera edo kanpadendetara kondenatuta daudela, ikusezin bihurtuta, hustu edo baztertu ez dituztenean". Horregatik, antolatzaileek gogor aldarrikatu zuten harrera duina beharrezkoa dela: "Ezin da inor bizi-baldintza duinik gabe utzi. Harrera ez da kalkulu politikoen araberakoa izan behar, baizik eta betebehar demokratiko eta gizatiarra", adierazi zuten.

Horrez gain, testuak migrazioa eskubide gisa aitortzeko premia azpimarratu zuen, mugak, paperak eta ikuspegi utilitarista gaitzetsiz. "Migratzea ez da arazoa, aukera bat baizik; gure gizarteak zahartzen diren bitartean, migratzaileek bizia, kultura eta aniztasuna ekartzen dute", gaineratu zuten. Ekitaldia itsasoa, loreak eta isiltasuna irudikatu zituzten, eta amaieran txalo zaparrada batek eman zion amaiera. 

Argazkiak: Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Ecuador Etxea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun