Saria jakinarazteko ekitaldia urriaren 6an egin zuten Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta Elorriagagaz batera, Karmele Mitxelena (Aitona Floren) eta Maite Rosende (Traba) ere izan ziren irabazleak, hurrenez hurren, haur eta gazte literaturan eta ilustrazioan.
Elorriagaren lan berriak bere ibilbide literarioan beste urrats sendo bat suposatzen du, SPrako tranbia edo Iazko hezurrak bezalako lanetan hasitako estilo pertsonala eta poetikoa sakonduz. Epaimahaiaren arabera, egileak "narrazioak ipuinen modura harilkatzen ditu, bizitzaren eta heriotzaren inguruko hausnarketa literarioa sortuz, tonu liriko eta existentzialean".
Sarituek 18.000 euroko ordaina jasoko dute, eta 4.000 euro gehiago izango dituzte lana beste hizkuntza batean argitaratuz gero. Sari banaketa azaroaren 26an izango da, Donostiako San Telmo Museoan.