Punta Galeako olatu handien lehiaketa bueltan da, urte biren ostean, eta hilaren 15ean irekiko du itxaronaldia

Iker Rincon Moreno 2025ko urr. 10a, 08:20

Urte biko etenaldiaren ostean, Punta Galea Big Wave Challenge lehiaketa Getxora itzuliko da, eta datorren eguaztenean, hilaren 15ean, irekiko du itxaronaldia, abenduaren 31ra arte.

Punta Galean lehiatuko diren nazioarteko surflarien artean Grant Twiggy Baker hegoafrikarra nabarmendu dute antolatzaileek, birritan munduko txapeldun izan dena.

Beragaz batera, Natxo Gonzalez bizkaitarraren parte-hartzea ere ziurra izango da. Natxok birritan irabazi du Getxoko txapelketa, eta pozik agertu da aurreko urte bietan "errelebo faltagatik" jokatu ez den txapelketaren itzuleragaz, antolatzaileek azaldu dutenez.

Adrian Fernandez de Valderrama antolatzaileetako batek aurreratu duenez, "hiru hilabete baino gehixeago emango ditugu depresioak eta eguraldi-parteak xehetasunez aztertzen, itsasoaren, haizearen eta olatuen baldintza egokiak konbinatzen dituen zati perfektua bilatuz eta sei metro inguruko olatu erraldoiak iragarriz, garbiak eta etengabeak, parte-hartzaileen eta ikusleen gozamenerako".

Fernandez de Valderramak esan duenez, lehiaketaren "behin betiko hitzordua" ez da, beraz, ekitaldia baino 48 ordu lehenago iragarriko.

Parte-hartzaileak 30 surflari izango dira, baina 12 plaza gordeko dira euskal surflari nabarmenentzat. Horien hautaketa tokiko surflarien, kluben eta lurralde federazioen esku egongo da.

Era berean, lehen aldiz emakumezkoen talde bat egongo da, besteak beste, Justine Dupont frantziarra, olatu handiko surfeko europarrik nabarmenena, eta Laura Coviella kanariarra, 2023an Portugalen Nazare olatu handia menderatu duen Estatuko lehen surflaria.

"Ez dut olatua ezagutzen eta itxaropen handirik gabe noa, baina zoragarria iruditzen zait Justine edo Laura Enever bezalako surflariekin batera aritzea. Sinestezina iruditzen zait ekitaldiak biltzen duen surflari maila", esan du kanariarrak aurkezpenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun