Gazteen parte-hartzea eta herria astintzeko beharra. Herrigintza, talde-lana eta aldarrikapena. 25 urtez, Indabada borrokarako beste egitasmo bat izan da, herritik sortuta eta herriarentzat, indaba-jan baten aitzakiapean kaleak berreskuratzekoa. Urtero aldarrikapen bat izan dute oinarri, eta aurten Palestinako herriak pairatzen duen genozidioa izango dute hizpide. Urteotan guztiotan egindako ibilbidea azaltzeko dokumentala grabatzen ari dira egun. Jendearen memoria freskatu gura dute eta, aldi berean, Indabadaren filosofia herrian zabaldu.
Halaber, urtez urte hainbat lantaldetan —sukaldean, azpiegituretan eta antolaketan, besteak beste— aritu diren eta ari diren agunen lana balioan jarri, eta haien borondatea zein inplikazioa txalotu gura dute. Izan ere, gogoratu behar da ehunka pertsona mugitzen dituen hitzordu hau boluntarioek eramaten dutela aurrera. Grabazio lanak amaituta, edizio fasean dago orain, eta 2026ko hasierarako prest egotea espero dute: «Itxura ezin hobea dauka!".
Herrigintzak mantendu du bizirik hitzordu hau. Urtero bilerak egiten dituzte, eta jendearen denbora eta borondatea da gakoa. Antolakuntza lanetarako talde motor bat dago, gaur egun erreleboa izan duena, baina, azpimarratzen dutenez, ez dira nahikoak eguneko ardurak egoki eta lasaitasunez betetzeko. Hori dela eta, urriaren 25erako laguntza eskatu dute: «Adi ibili, Indabada hau herritarron artean egin dezagun!".