Hamaika jarduera antolatu ditu Getxo Antiarrazistak udagoienerako

Erredakzioa 2025ko urr. 17a, 12:17

Getxo Antirrazista udal estrategiak hainbat jarduera antolatu ditu urteko azken hiruhilekoan, aniztasunari buruzko estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuen ondorio negatiboei buruzko pentsamendu kritikoa eta sentsibilizazioa sustatzeko.

Horien artean, joan den udaberrian abian jarritako antzerki taldea hiru saiotan bilduko da. “Antzerkia gizartea eraldatzeko tresna indartsua da, estereotipoen, diskriminazioaren eta arrazakeriaren inguruan enpatiatik eta sormenetik hausnartzeko aukera ematen diguna. Jarduera horien bidez, berdintasunarekin eta bizikidetzarekin konprometitutako herritartasun kritikoa sustatzen jarraitu nahi dugu”, azaldu du Mihaela Jilavu, Kultur artekotasun eta Immigrazio Zerbitzuko zinegotziak.

Oraingoan, saio horiek Aitor Vinagret aktore eta komedianteak dinamizatuko ditu, eta gainera, abenduaren 19an, Romo Kultur Etxean, 19:00etan eskainiko duen Yo no soy racista pero... manzanas traigo bakarrizketarako cameo bat prestatzen lagunduko die parte hartzaileei. Antzezlan horretan ikusleak audientzia handiko telebista eztabaida batean daude eta gonbidatuak Beldurra, Gorrotoa eta Dolores Rumores dira. Pertsonaia horiek gaurkotasunari eta herritarren kezkei buruzko iritziak partekatuko dituzte. Komedia zentzugabea da, eta aktoreak hainbat pertsonaia antzezten ditu.

Antzerki saioak interesatu ororentzat daude zabalik, eta urriaren 20an, azaroaren 10ean eta abenduaren 15ean izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Getxo Elkartegian. Plazen kopurua mugatua izango da eta, horregatik, izena eman beharko da aurretik, antolatutako saioetan parte hartzeko konpromisoagaz.

Bestalde, azaroaren 8an, Afrikako maskarak sortzeko tailerra egongo da, Karina Senatore diseinatzaile grafikoaren eskutik, San Nikolas ikastolako jantokian, Hezetasun auzoko jaietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun