Getxoko Udalak gobernu-taldea berrantolatu du legegintzaldiaren bigarren erdira begira

Ander Zarraga 2025ko urr. 20a, 15:55

Gotxoko Udalaren osoko bilkura, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Amaia Aguirre alkateak azaldu duenez, erantzukizunen banaketa berriak Udalaren kudeaketa eta koordinazioa sendotzea du helburu, eta urriaren 22an jarriko da martxan Ignacio Uriarte zinegotzia lanera itzultzeagaz batera.

Getxoko Udalak gobernu-taldearen berrantolaketa iragarri du, legegintzaldiaren bigarren erdiari aurre egiteko eta Legegintzaldiko Planean jasotako konpromisoak betetzen direla bermatzeko. Amaia Aguirre alkateak azaldu duenez, "etapa berri batean sartu gara, hasitako proiektuak finkatzeko eta herritarren beharrei modu koordinatuan erantzuteko garaia da".

Erantzukizunen birbanaketaren arabera, Janire Ocio izango da EAJren bozeramaile berria, taldearen koordinazio eta ordezkaritza lanak bere gain hartuta. Bestalde, Ignacio Uriarte bueltan izango da Ogasun, Antolakuntza eta Kontuen Batzordean, eta gainera, Bide Publikoaren zuzendaritza eta Begoñako galerien proiektuaren koordinazioa bere gain hartuko ditu. Iñigo Urkitzak ere ardura berriak izango ditu Diruzaintza, Zerga Kudeaketa, Langileria eta Ingurumen arloetan.

Aguirrek azpimarratu du gobernu-taldeak "esperientzia, sendotasuna eta egonkortasuna" dituela, eta helburua argi dagoela: "Getxoztarrei erantzun hurbil eta eraginkorra eskaintzea, etorkizuneko ikuspegi argi batekin lanean jarraituz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun