Getxoko Udalak Noisetech proiektu pilotua abiarazi du herritarren emozioetan oinarritutako zarata-mapak sortzeko

Ander Zarraga 2025ko urr. 21a, 10:07

Kutsadura akustikoa aztertzen duen ekimen berritzaile hau hilabete batez egongo da martxan Getxon. Horretan, herritarrek lau gunetako soinuak entzun eta haien erreakzio emozionalak partekatuko dituzte, zaratak bizitzan duen eragina ulertzeko.

Getxoko Udalak Noisetech izeneko proiektu pilotu aitzindarian parte hartuko du, kutsadura akustikoaren eragin emozionala neurtzeko helburuagaz. Aclima ingurumen sektoreko enpresen euskal elkarteak, AAC akustika- eta argi-ingeniaritza espezialistak eta Grupo Gestionet-ek garatutako proiektua da, eta herritarrek zarata mota desberdinen aurrean sentitzen dituzten emozioak identifikatzeko helburua du. Egitasmoa urriaren 20tik azaroaren 20ra bitartean egingo dute.

Hilabeteko tarte horretan, herritarrek lau gunetan egingo diren probetan parte hartu ahal izango dute: Areetako Xake plazan, Algortako San Nikolas plazan, Arenas Club parkean eta Bolueko hezegunean. Horietan, parte-hartzaileek audio ezberdinak entzungo dituzte eta hautatu beharko dute zer emozio pizten dien, hala nolapoztasuna, lasaitasuna, estresa, haserrea edo tristura. Emaitzak zarata-mapa zehatzago eta errealistago bat egiteko erabiliko dira. Proiektuak Udalari ez dio kosturik suposatuko, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren finantzaketa jasotzen baitu.

Ingurumen zinegotzi Iñigo Urkitzak azpimarratu duenez, "zarata neurtzeko modu berritzailea da, emozioen bidez; herritarren benetako pertzepzioa jasotzeak aukera emango digu kutsadura akustikoa hobeto ulertzeko eta kudeatzeko".

Beragaz batera, Getxoko alkate Amaia Aguirrek adierazi du proiektuak udalerri jasangarriago eta bizigarriago baten aldeko apustu argia erakusten duela: "Getxok ingurumen-kalitatea hobetzeko erronka berriei modu berritzailean egiten die aurre. Zarata gure eguneroko ongizatean eragin zuzena duen faktorea da, eta herritarren parte-hartzearekin tresna baliagarriak garatzen ari gara gure ingurunea hobeto zaintzeko".

Herritarrek noisetechexperience.com webgunearen bitartez ere parte har dezakete egitasmoan, kaskoak erabilita eta ingurune isilean. Euren ekarpenak Getxoko hurrengo zarata-maparen diseinuan eta kutsadura akustikoaren aurkako neurrietan lagungarri izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun