Goizeko 11:30ean, Algortako San Nikolas plazan egingo duten prentsaurrekoan, Gure Eskuko kideek testuinguru zehatz batean kokatuko dute agerraldia. Zehazki, gogoan izango dute 1933ko Getxoko alkate zen Jose Antonio Agirrek bultzatu zuen Estatutu proposamena, emakumeek lehen aldiz botoa emateko izan zuten aukera eta A5ean Gure Eskuk Euskal Herri osoan bultzatu zuen bozketa.
Hala, aurreratu dute hiru mezu zabalduko dituztela egun horretan. Batetik, Agirre lehendakariaren belaunaldiak euskal herritarren autogobernuaren alde egindako lana balioan jartzea. Bestetik, gaur egungo testuinguru globalean, herritarren eskubideak bermatzearen garrantzia aldarrikatzea. Eta, azkenik, Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean aurrerapausoak emateko beharra nabarmentzea.
Arrastian, berriz, eskualdeko kide guztiei begirako bilera irekia egingo dute Algortako Villamonte kultur etxean. Horretan, aurtengo ekimenaren berri emango dute: "Euskal Herria Lau Haizetara". Hitzordua 19:00etan jarri dute.