Getxoko hainbat herritar kexu dira azken urteotan tokiko eskaintzan euskarazko aukerak gero eta urriagoak direlako. Getxo Kulturari horren inguruan galdetuta, adierazi dute “ahalegin handia” egiten ari direla euskarazko tailerrak indartzeko, baina azpimarratu dute eskaintza publikoetan ez dela "nahikoa proposamen" jasotzen hizkuntza horretan.
Getxo Kulturak azaldu duenez, tailerren antolaketa lizitazio publiko bidez egiten dute, “legeak horretara behartzen” duelako. 2021etik aurrera, deialdietan euskarazko eta gaztelaniazko ikastaro kopuru bera eskatzen dutela gaineratu dute, eta ahalegin handiak egiten ari direla euskarazko eskaintza handitzeko, baina, praktikan, euskarazko proposamenak "beti" izan direla txikiagoak.
Horri aurre egiteko, zenbait neurri hartu dituzte: euskarazko tailerretan gutxieneko ikasle kopurua 4ra murriztu, gaztelerazkoetan 6 edo 7 den bitartean, hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko derrigortasuna kendu eta euskarazko ikastaroak sustatzeko hobari ekonomikoak ezarri. Hala ere, onartu dute neurri horiek ez dutela emaitza handirik izan.
Formatu desberdinetako ikastaroak ere atera dituzte, hala nola iraupen laburrekoak, baina horrek ere ez du eraginik izan aurkeztutako eskaintzetan, diotenez, "eta, hainbatetan, gertatu da ikastaroa egin ahal izateko gutxieneko parte-hartzaile kopuru ere ez betetzea, eskaini den arren", gaineratu dute.
Atzera begira, 2021ean, Getxo Kulturak 12 lote atera zituela gogoratu dute, seina euskaraz eta gazteleraz. Urte horretan, Udalak baldintza berberak ezarri zituen lote guztietan, euskarazko ikastaroetan gutxieneko kopurua gaztelaniazkoaren erdia izatekoa salbu. Hala ere, euskarazko proposamen bakarra jaso ei zuten eta, azpimarratu dutenez, horrek ez zuen deialdiko hizkuntza eskakizuna bete.
2023an, euskara hutsezko deialdi berezi bat egin zuten, hiru lote barne hartzen zituena, baina proposamen bakarra jaso zuten, eta horri esleitu zitzaion lehenengo lotea.
2024an, aldiz, 8 asteko bost ikastaro labur eskaini zituzten euskaraz, izan ere, "ikastaroaren iraupen laburra kontratazioaren mugarako ezinbesteko baldintza da", azaldu dutenez.
Aurten, 2025ean, 16 lote atera ziren (8 euskaraz eta 8 gaztelaniaz), eta bi proposamen jaso zituzten euskaraz; hiru ikastaro esleitu dira guztira. Kasu honetan, arduradunek azpimarratu dute lote guztietan baldintza berberak ezarri zituztela, baina euskararen aldeko neurri batzuk jarri zituztela, hala nola gutxieneko kopurua erdira murriztea eta eskaintzaren prezioa % 10 handiagoa izatea. Era berean, 3. hizkuntza eskakizunaren egiaztagiria izateko beharra kendu zuten deialditik, eta Getxo Kulturaren esku utzi irakasleari maila egokia (C1) egiaztatzeko eskumena.
Getxo Kulturak jakinarazi du datorren urtean "berriro saiatuko" dela euskarazko eskaintza handitzen, eta euskara hutsezko ikastaro laburrak eskaintzea aurreikusten duela.
Hala ere, erakundeak gogoratu du udalerrian badaudela euskarazko askotariko tailerrak antolatzen dituzten beste sail eta erakunde batzuk ere —Euskara Zerbitzua, Gizarte Kohesioa edo elkarteak, diru-laguntzen bidez—. Hori horrela, Getxo Kulturako arduradunek gogoratu dute erakundeak beti egin duela "eskaintza integrala errespetatzearen alde, Euskara Zerbitzuak edo Gizarte Kohesio sailak eskain ditzaketen euskarazko ikastaroekin inolako talkarik ez eragiteko asmoz. Hortaz, udalaren eta erakunde autonomoen ikastaro eskaintza aztertu beharko litzateke oro har hizkuntza ikuspegitik orekarik dagoen jakiteko".