Aldi horretan, Portugalete eta Getxo arteko gasolinoaren zerbitzua indartuko egingo dute, aldi berean ontzi bigaz lan egingo duena: astelehenetik barikura 06:00etatik 22:00etara, zapatuetan 08:00etatik 22:00etara eta domeketan 09:00etatik 22:00etara. Gainera, gaueko minibus bat ere jarriko dute martxan, domekatik barikura; horren irteerak Getxotik egingo dira, 00:00etan eta 01:00etan, eta Portugaletetik 00:30ean eta 01:30ean. Horretarako txartelak zubiko makina saltzaileetan erosi beharko dira.
Transbordadorea zerbitzurik gabe egongo den arren, bisitariek Bizkaia Zubiaren bisita panoramikoa egiten jarraitu ahal izango dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, betiere mantentze-lanak oztopatzen ez badituzte. Itsasadarraren ertze bitako dendek normaltasunez irekita jarraituko dute.
Bizkaia Zubiaren zuzendaritzak barkamena eskatu die erabiltzaileei obrek sor ditzaketen eragozpenengatik, eta gogorarazi du "berebiziko garrantzia duten esku-hartzeak" direla, "zerbitzu segurua eta kalitatezkoa bermatzeko".