Bidean Erromeria taldeak jasoko du 2025eko Argia Ereiten Euskara Saria

Ander Zarraga 2025ko urr. 24a, 13:32

Sari-emate ekitaldia azaroaren 4an egingo dute Fadurako Tiki Toki gunean. © BIDEAN ERROMERIA TALDEA

Getxoko Udalak Bidean Erromeria aukeratu du 2025eko Argia Ereiten Euskara Sariaren irabazle gisa. Aintzatespen honek euskararen erabilera eta sustapena bultzatzen duten pertsona edo erakundeen lana aitortzen du, eta aurten euskal musika eta kulturaren transmisioan gazteen artean egiten duten lanagatik saritu dute taldea.

Bidean Erromeria 2016an sortu zen, Ainhoa Aranburu eta Kerman Santiagoren eskutik, erromeriak egiteko asmoagaz. Urte gutxiren buruan euskal jaien giroan erreferente bihurtu dira, eta gaur egun Ainhoa Aranburu (ahotsa), Jon Iglesias (gitarra), Ander Romero (gitarra), Liam O ́moilan (baxua), Aritz Landeta (trikitia), Beñat Gorostiaga (bateria) eta Asier Castillo (tronboia) dira taldeko kideak.

Erromerietan, egungo euskal musikaren kanta ezagunenak eskaintzen dituzte, berbenen espiritua euskal doinuakaz uztartuta. "Guk beraien musikaren transmisoreak gara", azaldu dute taldekideek, "eta euskaraz abesten dugu gustatzen zaigulako, ez kuota baten arabera, baizik eta gure barrutik naturaltasunez ateratzen zaigulako".

Taldearen esanetan, euskal musika oso aberatsa da, eta horregatik saiatzen dira plazaz plaza eramaten, gazteak euskarazko kulturara erakarriz. Aurtengo udan 20 kontzertu inguru eskaini dituzte Euskal Herriko herri ugaritan, eta "beti gozatzeko asmoz" jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute.

Diotenez, saria jasotzeak "eskerrona eta errekonozimendua" dakarrela adierazi dute: "Udalaren eta gure herriko eragileen babesa jasotzea ohore handia da guretzat. Gure ibilbideari egindako aitortza gisa hartzen dugu".

Ekitaldia

Sari-emate ekitaldia azaroaren 4an izango da, Fadurako Tiki Toki zentroan, 19:00etatik aurrera. Bere aldetik, Getxoko Udalak nabarmendu du Bidean Erromeria euskararen aldeko eredua dela, eta "musika, jai-giroa eta hizkuntza batuz belaunaldi berrientzako euskal kulturaren erreferente" bihurtu direla.

Getxoko Udalak duela 16 urte jarri zuen martxan Argia Ereiten Saria, ESEP – Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren baitan, euskararen erabilera soziala babestu, hedatu eta sustatzen duten proiektuak saritzeko asmoagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun