Bileraren ostean, SPDAGko presidente eta Getxoko alkate Amaia Agirre eta Bilboko Portu Agintaritzako presidente Ivan Jimenez prentsaren aurrean agertu dira hurrengo urratsen berri emateko.
Agirrek eta Jimenezek azaldu dute Portu Agintaritza daborduko lanean ari dela “kudeaketa jasangarri eta parte-hartzailearen eredu berri bat diseinatzen”, eskualdeko estrategiagaz eta 2030 Agendagaz bat eginez.
Eredu berria Getxoko Udalagaz eta beste erakunde batzuekaz elkarlanean garatuko da, eta, horretarako, 2entzunaldi eta parte-hartze prozesu zabal bat” jarriko dute martxan, "etorkizunerako portu proiektu onena kolektiboki eraikitzeko".
SPDAGk iragarri duenez, trantsizio ordenatua bermatuko da, bai erabiltzaileentzat, bai portuari lotutako negozioentzat eta bertan lan egiten duten langileentzat. Behin kudeaketa finkatuta, Bilboko Portu Agintaritzak zuzenduko duen portu-eredu berri bat garatuko dute: "irekia, modernoa, jasangarria eta Getxoko hiri-bizitzan erabat integratua", betiere "elkarlan eta elkarrizketa oinarri hartuta".
Abendutik aurrera, SPDAGk hurrengo urratsen berri emango du bere webgunean eta kapitaintzaren bulegoetan (eraikin zurian), ohiko ordutegian. Aldi berean, sozietate publikoa giza eta baliabide materialen berrantolaketa progresiboan ari dela azaldu dute arduradunek, “kudeaketa erabateko bermeekin eta gaitasunarekin” bere gain hartzeko asmoz.
Amaia Agirrek azpimarratu duenez, "urrats honek portua erabiltzen dutenen lasaitasuna bermatzea eta zerbitzuaren jarraitutasuna ziurtatzea ahalbidetzen digu. Erakundeok elkarrekin lan egiten dugu guztiona dena babesteko eta Kirol Portuari etorkizun egonkor eta partekatu bat eskaintzeko. Getxok ilusioz beteriko etapa bat irekitzen du orain: portu irekiago, iraunkorrago eta integratuago bat eraikitzeko, getxotar guztiak harro egoteko moduko portua".
Aurreikuspenen arabera, proiektu hori gehienez urte biko epean artikulatuta eta zehaztuta egongo da, nahiz eta erakundeen borondate partekatua izan lehenago aurkeztu ahal izatea.