Egungo gizartean, erritmoak bizkortu eta presak gobernatzen du egunerokoa. Eskolak, lanak eta egiturek bide markatuak eskaintzen dituzte, baina askotan galduta geratzen dira zaintza, arnasa eta bizitzaren tempo propioa. Hezkuntzak, teorian, haurrei mundua ulertzeko tresnak eman beharko lizkieke, baina sarritan bihurtzen da egitura zurruna eta itxia, non umeen jakin-mina eta interesak bigarren mailan uzten diren. Zer gertatzen da, ordea, norbaitek gelditu eta bestelako bide bat hartzea erabakitzen duenean?
«Komunitateetan inpaktua daukaten hezkuntza-proiektu eraldatzaileak ezagutu nahi ditugu, haiekin esparru ezberdinak konpartitu, haietaz ikasi, eztabaidak eduki…»
Jonatan Urzanki (Getxo) eta Maider Lekunberriren (Herrialde Katalanak) kasuan, galdera horri erantzuteko modua ausarta izan da: eskola tradizionalaren mugak eta bizitzaren abiadura azeleratua zalantzan jarri eta furgoneta batean abiatu dira semeagaz batera, bestelako hezkuntza ereduak eta eraldatzaileak bilatzeko eta beren-beregi ezagutzeko. Haien esperientzia ez da soilik bidaia fisikoa izango: hausnarketa kolektiborako gonbidapena ere izan gura du, hezkuntzaren eta bizitzaren zentzuaz. Hori horrela, ikusi eta ikasitakoa partekatzeko hautua egin dute, sareen bidez.
"Gure inflexio-puntua izan zen ulertu genuenean gure semearen bizitza oso azkar pasatzen dela, sistema kapitalista batean murgilduta gaudela, ekoizpenaren logikak guztia irensten duela, zaintzak, harremanak eta emozioak kontuan hartu gabe", dio Jonatanek. "Erritmoek ohiko bidetik eramaten gaituzte, denek egiten dutena egitera. Horregatik, erabaki genuen gelditzea, geure buruari denbora ematea, hezkuntza kontziente eta biziago bat aukeratzea, eta geuretzat behar dugun denbora eskaintzea".
Maiderrek azpimarratu du amatasuna "benetako iraultza" bat izan zela haientzat. Bere kasuan, aspaldi hasi zen irakasle lanetan, eta aitortzen du bere lanbidea izan dela bere bizitzaren motorra. "Baina egia da beti sentitu dudala nolabaiteko deserosotasuna eta desadostasun handia sisteman ezarrita dagoenarekin", aitortzen du; "eskola tradizionalak eta aldaketekiko beldurrak askotan eraman naute ihes egitera".
«Eskola en Ruta familia-proiektu bat da, eta helburua da ahotsa eta ikusgarritasuna ematea hezkuntza eraldatzailea lantzen duten forma guztiei, askotan ikusezin bihurtuta baitaude, merkatuarekin lotutako hezkuntza-eredu baten erruz»
Amatasunak, beraz, ekarri zion bestelako begirada: "Gure haurra etorri zenean, berez sortu ziren galderak: benetan beharrezkoa al da hain goiz eskolatzea? Estruktura zurrun horietan sartzea hain txikitatik? Gertu egon nahi dut, garapen hori bizitzeko, ez galtzeko, eta bere interesekin bat egiten duen guztia eskaintzeko. Zurruntasunetik urrun, eta benetan errespetatuz bizitzaren prozesuak".
Kontuak horrela, Eskola en Ruta izeneko proiektua martxan jartzea erabaki zuen familiak, helburu nagusi bi dituztela: "Lehena, gure buruari denbora eskaintzea; beste bizitza-modu bati begiratzeko aukera, sistema produktibotik kanpo. Bigarrena, beste hezkuntza-modu batzuk ezagutzea, bizitzea eta partekatzea. Hezkuntza konbentzionaletik kanpo dauden esperientziak bilatzea, ikuspegi demokratikoago, parte-hartzaileago eta ingurunea ulertzeko gai izango diren pertsonak hezteko bidean".
Maiderren berbetan, "paradigma-aldaketa bat baimentzea da kontua. Beste forma batzuk ezagutzea, sistema eta proiektu biziak, desazeleratuak, ohiko eredutik urruntzen direnak eta benetan mugitzen gaituztenak. Ikaskuntza naturala eta esanguratsua barrutik kanpora dator, eta ez luke instituzio batek erabaki beharko nola gertatu behar den".
«Ikaskuntza naturala eta esanguratsua barrutik kanpora dator, eta ez luke instituzio batek erabaki beharko nola gertatu behar den»
Eskola en Ruta familia-proiektu bat dela nabarmendu du Jonatanek, "eta asmoa da ahotsa eta ikusgarritasuna ematea hezkuntza eraldatzailea lantzen duten forma guztiei, askotan ikusezin bihurtuta baitaude. Hezkuntzari eta ikasteko ohiko moduari begiratzeko beste modu bat proposatu nahi dugu. Eta baita hausnartu ere: eredu hauek gizarte kohesionatu bat eraikitzen laguntzen dute? Pertsona kritikoak sortzen dituzte? Eredu demokratizatzaileak al dira?".
Arnasa hartzeko eta inspiratzeko eremu bat izan daitekeela uste du Maiderrek; zaintzarako gune bat, non erritmo frenetiko hori gelditu egiten den, eta unean uneko beharrakaz konektatzeko aukera ematen duena: "Proiektu hau bizimodu aldaketa bat da; mugimenduan egoteko aukera, baina astiro, eta nire ingurukoekin konektatuta".
View this post on Instagram
Eskola-eredu tradizionalaz galdetuta, Maiderrek dio gaur egun, egunerokoan, zailtasun askogaz bizi dela: "Ez da erraza behatzea, hausnartzea edo esperientziak partekatzea. Kanpotik presio handia jasotzen da, eta egunerokotasuna bera nahiko konplexua da. Klaseetan langile gehiago falta dira, ratioak gehiegizkoak dira, eta Hezkuntza Sailak ez du baliabiderik jartzen. Azken finean, 20 urte atzera bezala gaude, baina errealitate askoz konplexuagoekin. Aldaketekiko erresistentzia handia dago, beldur handia dago aurre egiteko. Oraindik entzuten da esaldi hori: "Hau da beti egin dena!"".
Ildo horretan, Jonatanek gaineratu du eredu ezberdin bi bizitzeko aukera izan duela, Euskal Herrikoa eta Herrialde Katalanetakoa, baina azpimarratzen du biak ala biak oinarritzen direla ikuspegi indibidualistan. "Asko esaten da eskola publikoa dela guztientzako aukera berdintasuna bermatzeko tresna. Baina nola izango da posible hori, eskolako hizkuntza, formak eta metodologiak ez badatoz bat familia gehienen eguneroko kode eta bizitzeko moduekin?".
«Ohikoarekin hautsi egiten duten proiektuak bilatu nahi ditugu. Ezinbesteko baldintza da naturarekin kontaktuan egotea, mugimendua bultzatzea eta espazioak zentzu pedagogikoarekin diseinatuta egotea»
Maiderrek deitoratu du Herrialde Katalanetan talde pedagogikoak etengabe aldatzen ari direla eta langileen egonkortasun faltak asko zailtzen duela proiektu sendoak eraikitzea. "Eskola arteko sororitatea falta da". Euskal Herrian, aldiz, nabarmendu du badagoela baliabide eta indar puntu bat, kulturagaz oso lotuta dagoena: "Aldarrikapena identitatearen parte da. Gu (kataluniarrak), berriz, beldurtiagoak eta zuhurragoak gara". Hala ere, azpimarratzen du profesional oso onak egon badaudela han zein hemen, eta uste du "tandem onak" osatzeko aukerak daudela.
Hezkuntzari buruz hausnartuta,ikaskuntza "naturala eta esanguratsua" barrutik datorrela dio Maiderrek. Jonatanek, berriz, hurrengo galderak egiten dizkio bere buruari: "Zerk irakatsi behar digu guri eta hezkuntzari ume batek? Zergatik ez dugu alde batera uzten heldutasunetik umetxoari begiratzea, aginduak ematea, eta ez dugu haiekin batera bidea egiten? Azken batean, Foucault-en "zaindu eta zigortu" ereduak oraindik orain jarraitzen du".

Furgonetan egindako "ikas-bidaia"
Bidaiatzeko modua ere ez da kasualitatea. "Gure kasuan, furgoneta aukeratu dugu", dio Jonatanek, "horrek ematen digulako askatasuna une bakoitzean norantz joan erabakitzeko, leku bakoitzean nahi dugun denbora egoteko, eta presarik gabe bizitzen ikasteko". Gainera, nabarmendu du oinarrizko gauzakaz bizitzea ere badela helburuetako bat. "Eta gainera, uste dugu furgoneta bezalako espazio batek gure txikiari segurtasuna ematen diola, bere etxetxo gisa identifika dezakeelako".
Maiderrek gaineratu du furgonetak ematen dien "arintasuna eta malgutasuna" indargunea ere badirela. "Erritmo zirkadianoak errespetatzea, ilargiarekin ohera joatea, lehen eguzki izpiarekin esnatzea, bizitza sinplea bizitzea… Azken batean, berehalakotasuna alde batera uztea da".
Bidaia honetan, semearen rola ere funtsezkoa izango da. "Subjektu aktibo baten rola da", dio Maiderrek. "Bere erreferenteekin batera mugitzen den haurra da, bere iritzia kontuan hartzen dena, entzuten dena. Elkarrekin izango dugun komunikazioa funtsezkoa izango da, eta bakoitzaren mugak errespetatzea oinarrizkoa izango da bidean".
«Askatasunak ez du esan nahi mugarik ez dagoenik, eta egiturak ez du kentzen haurrei beren garapena osotasunean bizitzeko aukera. Proiektu bizi edo aske batek horixe bilatzen du: errespetua, zentzua eta oreka»
Bidaia irailaren 8an hasi zuten, Bartzelonatik Gironarantz, "eta handik penintsulako hegoaldera", azaldu du Jonatanek. "Kostatik bira bat ematen ari gara, Europako hegoaldea zeharkatuko dugu, eta Turkiaraino joatea da gure asmoa. Hala ere, iristen bagara, primeran, eta ez bada horrela… bidaia bera izango da gure bidea markatuko duena".
Maiderrek, aldiz, aitortzen du "zailagoa" egiten zaiola helmuga finko bat zehaztea. Izan ere, "espazio batek guk espero baino gehiago ematen badigu, bada malgutu egin beharko dugu noraino iritsi nahi dugun. Egia esan, nahiago dut zurruntasunik gabe mugitu, bidean arnasa hartuz, sentitzen dugunaren arabera erabakiak hartuz".

Alabaina, bidaiari ekiteko erabakia ez da prozesu erraza izan. "Bi urte daramatzagu hau guztia definitzen: eztabaidatzen, partekatzen, ideiak aldatzen… Hasieran, ni izan nintzen proposamena egin zuena, eta Maider beranduago batu zen", aitortzen du Jonatanek. "Irteera-data bera ezartzea ere ez da erraza izan. Hainbat aldiz aldatu dugu. Nik lanari %100ean uko egin diot, eta ez da prozesu samurra izan". Maiderrek, aldiz, funtzionarioa izanik, baimena eskatu du. "Eta Aiurrek eskola uztea... Hori ere ez da erraza izan", aitortu dute.
«Bizitzeko modu hau ikusgarri egin nahi dugu: elkarrizketak grabatuko ditugu, bideoak… eta horretarako bi plataforma erabiliko ditugu: YouTube eta Instagram»
Deitoratu dutenez, zailtasunak, zalantzak eta aurreiritziak bidean agertu zaizkie, testuinguru sozio-politikoak ere trabaren bat edo beste jarri die, eta aldaketekiko beldur handiak izan dituzte. "Askotan ematen du dena azaldu beharra dagoela, inguruko jendeari kostatzen baitzaio ulertzea zergatik nahi duzun halako abentura batean murgildu".
Hala ere, bidaiari ekin diote, eta ikusi eta ikasitakoa gorde eta sareratuko dute, komunitatean zabaltzeko asmoz. Haien ideia ez da influencer-ak izatea, baina, aitortu dutenez, sare sozialek "aukera asko" zabaldu dizkiete, hala nola proiektuak ezagutzeko, lekuetara iristeko eta kontaktuak egiteko. "Azken batean, komunitate bat sortzea lortzen badugu… hori da gurekin eramango duguna, eta hori da garrantzitsuena", ondorioztatu du Jonatanek.