Getxoko 44. Aste Korala, eguenetik domekara: Alemaniako, Japoniako eta Lituaniako abesbatzak Muxikebarrin

Izaro Garcia 2025ko urr. 30a, 16:36

The Resonanz Children´s choir Aste Koralaren 43. edizioan © GETXO KULTURA

Getxoko 44. Aste Korala eguenean hasi, eta domekara arte luzatuko da Muxikebarrin. Aurtengo edizioak Alemaniako, Japoniako, Lituaniako eta Euskal Herriko abesbatzak bilduko ditu, eta saio guztiak 19:30ean hasiko dira.

Getxo Kulturaren arabera, jaialdian "ahots eta errepertorioen aniztasuna” izango da nagusi eta publikoak musika klasikoa, garaikidea, herrikoia eta erlijiosoa entzuteko aukera izango du.

Egitaraua Sonat Vox gizonezkoen abesbatzak irekiko du gaur, eguenean, eta, domekan, Balsis gazte abesbatza letoniarrak itxiko du jaialdia.

Aste-akabuko saioetako une berezietako bat zapatuan izango da. Izan ere, Getxoko Lilura abesbatzak bere 25. urteurreneko kontzertu berezia eskainiko du, Con nombre de mujer izenburupean. Saioan, Mariasun Yanguas zuzendariak gidatutako taldeak, emakumezko 40 kantari biltzen dituenak, errepertorio zabala interpretatuko du. Ibilbide luzeko talde honek hainbat estilo eta genero jorratuko ditu; besteak beste, euskal musika tradizionala, bilbainadak eta pop, folk zein klasikoko kantuen moldaketak.

Sarrerak salgai daude Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun