Getxoko Udalak hasierako onarpena eman dio kalez kaleko salmentaren ordenantzari

Ander Zarraga 2025eko urriaren 31

Bendeja bat Romo, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak kalez kaleko salmentari buruzko udal-ordenantza berria onartu du hasiera batean, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoakaz; PP eta Elkarrekin Podemos-EP abstenitu degin dira eta EH Bilduk aurka bozkatu du. Horrez gain, La Terraza udal-eraikinaren eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren inguruan ere aritu dira.

Kalez kaleko salmentari buruzko udal-ordenantza berriaren testuak astean gehienez azoka bi egitea aurreikusten du, baita genero-eraginaren ebaluazio-txostena ere. Gobernu-taldeak azaldu du araudiak "oreka bilatzen duela establezimendu finkoen eta kalez kaleko saltzaileen artean, kaleko merkataritzak ez dezan sektoreari kalterik egin".

Oposizioko taldeek hainbat zuzenketa aurkeztu dituzte. Batetik, PPk azokak hilean batera murriztea proposatu du, "tokiko dendentzat mehatxua izan daitezkeelako". Bestetik, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu dute "ez dela genero-ikuspegirik txertatu eta elkarrizketa eskasa" izan dela, eta azoka txikiek "ez dutela administrazioaren erritmo motelera egokitu behar".

Gobernuak, aldiz, gogorarazi du "talde guztiekin parte-hartzean oinarrituta" landu dela testua. Ordenantza jendaurrean jarriko da 30 egunez, herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

Osoko bilkuran, gainera, aho batez erabaki da La Terraza udal-eraikinaren emakidadunari 1.000 euroko isuna ezartzeko prozedura hastea, kanona ordaindu ez duelako. Oposizioak "erabaki zorrotzagoak" eskatu dizkio gobernuari, eta EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek "kontratuaren deuseztapena baloratzea" ere eskatu dute. Bitartean gobernu-taldeak adierazi du lanean ari direla kontratuaren eta zerbitzuaren bideragarritasuna bermatzeko. 

Halaber, 370.000 euroko kreditu gehigarria onartu dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua indartzeko, eta Sortarazi elkarteari 21.000 euroko laguntza ematea adostu dute, gazteen gizarteratze-programetarako.

Mozioak

Mozioen kapituluan, batetik, EH Bilduk Amezti kalearen biziberritzeari buruzko merkataritzari, ostalaritzari eta auzotarrei irekitako parte-hartze prozesu bat proposatzeko mozioa eztabaidatu da.

Bestetik, PPren mozio batek eskatu du Kirol Portuko zuzendaria kargutik kentzeko, "kudeaketa txarragatik". PPk, EH Bilduk eta EPk Sociedad Puerto Deportivo-El Abra Getxo sozietateari eta EAJri leporatu diete iluntasuna kudeaketan, eta erantzukizunak argitzea eskatu dute egungo egoerara iritsi arte, enpresa emakidadunak Portua ustiatzeko indarrean dagoen kontratuari uko egin ondoren. 

EAJk, bere aldetik, gogorarazi du kudeaketa 2026an esku publikoetara pasatuko dela eta portuak martxan jarraituko duela eta bere zerbitzuak bermatuta egongo direla, sozietatearen zuzendaritzaren gardentasuna, legezkotasuna eta erantzukizuna une oro defendatzeagaz batera. Era berean, jeltzaleek onartu dute Portuan pandemiaren ondoren hasitako proiektuak ez duela espero zen emaitza izan, baina ziurtatu du legezkotasun zorrotzaren barruan garatutako prozesua izan dela, prozedura eta eskakizun arauemaile guztiak betez.

Sozietate Publikoko zuzendaria kargutik kentzeko mozioa eta Sozietatearen hurrengo Administrazio Kontseiluan sartzea, PPk aurkeztuta, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesagaz onartu da, uste baitute osoko bilkura dela gai horri buruz eta kargu publiko bati buruz eztabaidatzeko foro egokia. Bestalde, EAJk eta PSE-EEk adierazi dute Sozietatearen Administrazio Kontseilua dela zuzendaria izendatzeko eta kargutik kentzeko eskumena duen organoa, eta ez osoko bilkura. Horregatik, lehenengoak kontra bozkatu du eta bigarrena abstenitu egin da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun