Getxo Kulturak 343.000 euro baino gehiago banatu ditu tokiko kultur elkarteen artean

Izaro Garcia 2025ko urr. 31a, 16:02

Getxophoto irudi jaialdia © GETXOPHOTO

Getxo Kulturak 343.542 euro bideratu ditu aurten udalerriko 23 elkarte eta erakunderen artean, kultura- eta gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko. Laguntza horien bidez, elkarteek ohiko jarduerak garatzeko eta proiektu barriak aurrera eramateko aukera izango dute.

Diru kopuru horretatik, 189.542 euro bost elkartek sinatutako dirulaguntza-hitzarmenetara bideratu dira: Begihandi Kultur Elkartea (Getxophoto Irudi Jaialdia antolatzeko), Utopian Sozietate Kooperatiboa (arte eszenikoen sorkuntza eta erakustaldietarako), Alday Patronatua (tokiko elkarteei eskaintzen dien espazioa kudeatzeko), Andres Isasi-Musikalia elkartea (musika jarduerak eta banda sustatzeko) eta Ondarreta abesbatza (aldi baterako lokalaren alokairurako).

Horrez gainera, 19 kultur elkartek jaso dituzte 154.000 euro ohiko dirulaguntzen programaren bitartez, euren jarduerak finantzatzeko. Programak 2012az geroztik emoten die babesa irabazi-asmorik gabeko taldeei, udalerriko kultur eskaintza indartzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz.

Getxo Kulturaren arabera, dirulaguntzek "kultura bizia eta parte-hartzailea” bultzatzen dute, eta tokiko kolektiboen lana “funtsezkoa da udalerriko kultur dinamikan”.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun