Getxoko Udalak askotariko 95 lanpostu betetzeko deialdia egin du, baina horietatik erdiei ezarriko bakarrik zaie euskara jakiteko eskakizuna lanpostua betetzeko orduan. Hala ere, Bizarra lepoan euskara elkarteak, Bagara Nor euskaltzaleen topaguneak eta LAB eta ELA sindikatuek salatu dute gainontzeko lanpostuei hizkuntza-eskakizunaren betekizuna atzeratu egingo zaiela, etorkizunean beteko denaren bermerik ezarri gabe, eta beste batzuei, aldiz, ez zaiela inolako eskakizunik ezarriko.
Deitoratu dutenez, ez da lehen aldia Getxoko Udalak horrelako erabaki bat hartzen duena, duela urte bat ere Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko lan-poltsarako hautagaien erdiei soilik eskatu zitzaizkien hizkuntza-eskakizunak.
"Horrela, zaila baino ezinezkoa da euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzea; zorte kontua izango da euskaraz artatuko gaituzten langile publikoak aurkitzea gure udal zerbitzuetan. Oztopoa-oztopoaren gainera administrazioan euskaraz jarduteko, zerbitzuak euskaraz jasotzeko, udaletxean euskaraz lan egiteko...", adierazi dute aipatutako elkarteek.
Azpimarratu dutenez, "administrazio publikoen ardura izan beharko litzateke euskaraz bizi eta lan egin nahi dugun herritarron eskubideak bermatzea, eta horretarako ezinbestekoa da euskaraz lan egiteko gaitasuna exijitzea lanpostu publikoak betetzeko orduan". Horretarako, hizkuntza-eskakizunak derrigorrezkoa izatea nahitaezkoa ikusten dute, bestela, diotenez, "bigarren mailako herritar modura tratatuko gaituzte aurrerantzean ere".
Azkenik, ohartarazi dute herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeari uko eginda, hizkuntza-politikan atzeraka joatea onartzen duen "koldarraldian" sartu dela Getxoko Udala. Horrelako jarreren aurrean, erantzun bakarra mobilizatzea dela aldarrikatu dute, eta manifestazioa iragarri dute azaroaren 14rako, 19:00etatik aurrera Telletxe plazan, "Getxon euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu" lemapean.