Gazte bat ikertzen ari dira Algortan edukiontziak erretzearren

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 7a

Erretako edukiontzietako bat Kasune kalean, artxiboko irudian.

Getxoko Udaltzaingoak 26 urteko gazte bat jarri du ikerketapean, urriaren 17ko goizaldean Algortako Kasune kalean gertatutako sute baten harira. 05:15 aldera piztu zen sua, eta bost edukiontzi kiskali ziren; gainera, bi erakusleiho eta sei ibilgailuk kalteak jasan zituzten.

Abisua jaso bezain laster, zenbait patruila eta suhiltzaile-talde bertaratu ziren sua itzaltzera. Ikerketa berehala abiatu zuten, gertatutakoa argitzeko asmoz. Udaltzaingoaren ikerketa-taldearen lanari esker, ustezko egilea identifikatu ahal izan zuten: 26 urteko gazte bat, inguruko bizilaguna.

Suteen ondorioz sortutako kalte ekonomikoa handia izan da, 9.000 eurotik gorakoa, edukiontzien eta galtzada zatien konponketak barne.

Gazteari kalte-delitua leporatu diote, eta, ondorioz, 1 eta 3 urte arteko espetxe-zigorra jaso dezake.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun