Indarkeriaren eta oroimenaren inguruko gogoeta bultzatu gura du Eider Moreno artistak “Apurtu” lanagaz

Iker Rincon Moreno 2025eko azaroaren 12a

Erakusketaren zati bat.

Getxoarte produkzio bekari esker, Eider Moreno argazkilari eta artista bisual getxoztarrak bere lana aurkeztu du: Apurtu. Joan den azaroaren 6an inauguratu zuen erakusketa, Romo Kultur Etxean, eta azaroaren 26ra arte egongo da ikusgai. Gainera, bihar, eguenean, artistak tailer irekia egingo du, 19:30ean, eta domekan, hilaren 16an, eta azaroaren 19an, eguaztenean, bisita gidatuak egingo ditu, biak 19:30ean ere.

Apurtu erakusketak Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza-lanek piztu zuten gatazka sozial eta ingurumenekoa hartzen du abiapuntu, eta oroimen kolektiboaren inguruko hausnarketa proposatzen du irudiaren bitartez. Morenok azaldu duenez, lurraldeari ezarritako indarkeria eta haren arrasto emozional eta historikoak aztertzen ditu, pixela eta irudiaren zatikatzea baliatuz.

Horretarako, artista getxoztarrak irudiak handitu, deformatu eta tenkatu ditu, gatazkak komunitatean utzitako “haustura historiko eta emozionalaren metafora bihurtuz”.

Erakusketa “horma” kontzeptuaren inguruan antolatuta dago, “ez soilik muga fisiko gisa, baita bereizten, babesten edo ezkutatzen duen elementu gisa ere”. Hala, aretoan, porlanezko eskultura batek horma erreal baten funtzioa betetzen du, ikuslearen ibilbidea etenez eta begirada berriak bilatzera gonbidatuz: “Horrela, bisitaria mugitzera eta beste ikuspegi batetik begiratzera behartzen du”.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Getxo Kultura (@getxokultura)

Ibilbidea irudi pixeletatik eta talkatik abiatuta itsas paisaia irekiago batera doa, eta plastikozko instalazio zintzilikatu batean amaitzen da, “pilaketaren, kutsaduraren eta denboraren iraupenaren sinbolo gisa”, Morenok azaldu duenez.

Getxoztarrak oroimenaren eta anonimotasunaren arteko tentsioa ere jorratzen du, irudi kolektiboetan agertzen diren aurpegi sasi ezagunen bitartez. “Lanak hausnarketa bat proposatzen du gatazken irudikapenaren, oroimenaren eraikuntzaren eta denboraren poderioz iraun edo galdu egiten diren arrastoen inguruan”.

Eider Morenok gorputzaren, lurraldearen eta oroimenaren arteko gurutzagunea landu du obra honetan, paisaia sozial, politiko eta afektiboak zeharkatzen dituzten indarkeriei arreta berezia eskainiz. Horretarako, argazkigintza, artxiboa eta instalazioa baliatu ditu, irudiek oroimen kolektiboaren eraikuntzan duten rola aztertzeko ikuspegi kritiko batetik.

Erakusketa azaroaren 26ra arte egongo da ikusgai, Getxoarte programaren baitan, Romo Kultur Etxean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun