Matxuratutako hodi batek ur barik utzi ditu Itzubaltzeta/Romoko dozena bat familia

Iker Rincon Moreno 2025eko azaroaren 12a

Matxurak kaltetutako Ganeta kaleko 1 zenbakia.

Hodi batean izandako matxura batek ur-hornidurarik gabe eduki ditu joan den barikutik Itzubaltzeta/Romoko Ganeta kaleko 1 zenbakiko hamabi etxebizitza. Egoera horrek ezinegona ekarri du bizilagunen artean, eta aurrez aurre jarri ditu jabeen erkidegoa eta Udala. Lehenengoak dio arazoa Udalarena dela; Udalak, berriz, matxuratutako hodia pribatua dela. Daborduko, eguazten honetako eguerditik, auzokideek ura berreskuratu dute, behin-behinean, Udalak egindako esku-hartze bati esker.

Arazoa barikuan hasi zen, ur-ihesa zegoela antzeman zutenean. Udal-iturriek zehaztu dutenaren arabera, Udaltzaingoak eman zuen abisua, eta udal-brigadak lekura bertaratu ziren egun horretan bertan, arazoa ur-sare publikoa ote zen konprobatzeko. Hala, kalean zanga bat zabaldu ostean, egiaztatu zuten matxura instalazio partikularrari zegokiola. "Zapatuan egiaztatu zen matxura Ganetako komunitate pribatuan zela, 1ean, eta hala adierazi zitzaien egun horretan bertan", azaldu du Udalak.

Hodiaren titulartasunak, baina, eztabaida piztu du; izan ere, eta tokiko gobernuak pribatua dela ziurtatu du: "Ganeta kaleko 1 zenbakiko jabekideen erkidegoaren komunitate pribatuan izandako matxura da. Partikularra da, eta haiena bakarrik. Horregatik, komunitateko giltza itxita dagoenez, urik gabe daude. Konpondu egin behar dute".

Auzokideetako batek, baina, aitortu du hodia pribatua izan daitekeela, baina matxura eremu pribatutik kanpo eman dela, Ganeta plazatik kanpo hain zuzen. Hori dela eta, arazoa Udalak konpondu beharko lukeela uste du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun