Getxoko talentua omenduko da eguazten honetan

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 17a

Aixe Getxo! sarien 2025eko kartela

Getxoko kulturaren eragileak izango dira berriro ere protagonista Aixe Getxo! 2025 sarietan. Udalak antolatutako ekimenaren helburua tokiko kultura aitortzea da, eta, horretarako, sari-banaketa ekitaldia Muxikebarrin egingo da, azaroaren 19an, 19:00etatik aurrera.

Sari hauetan hainbat arlo aitortzen dira. Besteak beste, Diseinua, Gastronomia, Hezkuntza, Zientzia eta Arkitektura sarituak izan dira; hau da, hamabosgarren edizio honetan, 14 sari emango zaizkie artista, eragile eta kolektibo getxotarrei. 

Horien artean, ikus-entzunezko arteetan esaterako, David Herranz argazkilariak jasoko du garaikurra; izan ere, haren estilo bereziak euskal eszena garaikidearen erreferente bihurtu du. Arte plastikoetan, Veva Linaza margolaria saritu dute paisaia-pinturan egindako lan bikainagatik eta haren obra Euskal Herrian nahiz nazioartean erakutsi izanagatik.

Musikari dagokionez, Leyre Mesa sopranoa sarituetako bat izango da Getxoko eta Bizkaiko musika eszenan egindako lanagatik, baita OLBEren abesbatzan egindako 25 urteko ibilbideagatik ere.

Aixe Getxo! sariek bi aipamen berezi ere badituzte. Ibilbide profesional eta artistikoaren saria Peru Urresti argazkilariari emango zaio, Getxoko eguneroko eta kultur bizitzaren erretratugileri. Halaber, Martin Urrutiak Aixe Gaztea saria irabazi du, bere ibilbide musikal bikainagatik, Operación Triunfo lehiaketan finalista izan ondoren.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun