Galeako golf-zelaiaren isurketen aurrean “utzikeriaz” jokatzea egotzi dio Elkarrekin Podemosek Getxoko Udalari

Iker Rincon Moreno 2025eko azaroaren 21a

Getxoko golf-zelaia. Argazkia: Elkarrekin Podemos Getxo

Getxoko Elkarrekin Podemos taldeak salatu du Galeako Neguriko Errege Golf Elkarteak ur beltzak, euri-urak eta igerilekuetako urak zuzenean itsasora isurtzen dituela 60ko hamarkadatik, eta Getxoko Udalari egotzi dio oraindino inolako esku hartzerik egin ez izana egoera konpontzeko.

Koalizio moreak jakinarazi duenez, URA Uraren Euskal Agentziak 2015ean ohartarazi zuen klubak ez zuela kolektore nagusirako konexiorik, eta neurri zuzentzaileak eskatu zizkion. Agentziaren errekerimenduak 2023an, 2024an eta 2025ean errepikatu direla nabarmendu du Elkarrekin Podemosek, eta deitoratu du Udalak “ez duela inolako pausorik eman”.

Xabier Benito bozeramaileak adierazi du Udalak hamar urte daramatzala “jardun gabe”, nahiz eta URAk modu formalean ohartarazi. Era berean, gogoratu du arazketarik gabeko isurketak egitea arau-hauste administratiboa dela, eta 30.000 eurorainoko  isuna ekar dezakeela.

“Ezerk ez du justifikatzen Udalak tratu pribilegiatua ematea klub elitista bati”, salatu du Benitok. “Ezinezkoa da ulertzea legea ez betetzea ahalbidetzea, gero herritar arruntei gutxieneko faltengatik isunak jartzen zaizkien bitartean”.

Talde moreak eskatu du Udalak berehala eman diezaiola Galeako golf-klubari saneamendu-sare nagusira konektatzeko puntua, eta egikaritze-egutegi bat finkatzea, “kluba kolektore nagusira lotuko dela bermatzeko”.

Horrez gainera, koalizioak eskatu du “isurketei dagozkien zehapen-espedienteak irekitzeko” eta “isurketak berehala gelditzeko behin-behineko neurriak hartzeko”, tartean, “jarduera aldi baterako ixtea” ere mahai gainean jarriz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun