24 metroko noria bat jarriko dute Gabonetan Getxon, Bizkaiko handiena

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 26a

Areetan egongo den noria azaroaren 28tik urtarrilaren 6ra egongo da zabalik. © GETXOKO UDALA

etxoko Udala Gabonetako kanpaina berria aurkezten ari da, eta aurten, Evaristo Txurruka moilan kokatuko duten nori izango da erakargarri nagusiena. Azaroaren 28an, barikuan, Gabonetako argiak piztu eta berehala hasiko da martxan noria, urtarrilaren 6ra arte. Amaia Aguirrek alkateak adierazi duenez, Gabonak "ilusio berrituaz eta familian eta lagunekin gozatzeko jarduera berriz beteta datoz aurten", herriko merkatarien eta ostalarien dinamizazioa bultzatuz.

Aurten, Getxoko Gabonetako eskaintza 24 metroko altuera eta 30 kabina izango dituen noria handi bategaz zabalduko dute. Atrakzioa azaroaren 28tik urtarrilaren 6ra egongo da zabalik, egunero 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara, eta bidaiaren prezioa 5 eurokoa izango da

Noriaz gain, Txu-Txu tren berri batek ere udalerria zeharkatuko du doan, hiru geralekugaz: Algortako Etorbidean, Las Mercedeseko Andra Mariaren elizan eta Getxolandian. Trena abenduaren 19tik urtarrilaren 6ra ibiliko da, Getxolandia umeentzako parkearen ordutegi berean.

Argiak pizteko ekitaldi ofiziala bariku honetan, azaroak 28, izango da Algortako Telletxe plazan, 19:00etan. Aurretik, 18:30ean hasita, Biotz Alai Abesbatzak eta Zirkozaurrek girotuko dute plaza, eta alkateagaz batera Jaime Hayde artista getxoztarra ere izango da, besteak beste.

Haur eta gazteentzako eskaintza ere zabala izango da aurten. Hala, Getxolandia umeentzako jolas-parkea Areetako xake plazan egongo da abenduaren 19tik urtarrilaren 6ra. Gainera, 3 eta 12 urte bitarteko meentzako doako tailerrak egingo dituzte abenduko hainbat egunetan Telletxe plazan.

Halaber, Zirkun Zirko Eskolaren eskutik, Zirku-Campusa antolatuko dute malabare, oreka eta akrobazia teknikak ikasteko abenduaren 22tik urtarrilaren 2ra.

Eta nola ez, ezinbestekoak izango dira Olentzeroren batzordeen ekintzak abenduaren 20, 23 eta 24an, eta Erregeen Kabalgata, bi ibilbidetan, urtarrilaren 5ean.

Aurtengo Gabonetako kultura eskaintza Muxikebarri Zentroan zentratuko da. Batetik, abenduaren 20an Biotz Alai abesbatzaren Gabonetako kontzertua izango da, eta, bestetik, abenduaren 27an, Agatha Christieren Asesinato en el Orient Express antzezlana taularatuko da, Juanjo Arterok zuzendua.

Kirol arloan ere hainbat hitzordu daude: IgeriBizi, 24 ordu euskararen alde igeri egiteko hirugarren edizioa (abenduak 20-21), Itziar Lopez de Uralde memoriala herri-lasterketa (abenduak 21), Portu Zaharra eta Ereaga hondartza lotuko dituen Getxoko Gabonetako zeharkaldia igerian (abenduak 24), eta San Silvestre lasterketa abenduaren 31n Bizkaia Zubiaren inguruan.

Gabonetako kanpaina

Aurten, tokiko merkataritza bultzatzeko Oparitu Getxo leloa izango duen kanpaina ere bultzatuko dute. Horretarako, Udalak 5.000 motxila banatuko ditu Gabonetako ilustrazio bategaz, eta hainbat emanaldi eskainiko dituzte udalerriko  merkataritza-guneetan. Gainera, GetxOpari pertsonaia magikoek opariak banatuko dituzte. Horregaz batera, GetxoEnpresaren XXXV. Erakusleiho Lehiaketa ere abian da, eta aurten GERTUapp aplikazioaren bidez bozketa herrikoia egin daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun