EH Bilduk bere kezka agertu du Getxoko gobernu-taldeak oraindino ez duelako 2026rako udal-aurrekontuen proposamenik egin

Iker Rincon Moreno 2025eko azaroaren 27a

Urtea amaitzear dagoela, Getxoko EH Bilduk ohartarazi du EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldeak ez duela jakinarazi 2026ko aurrekontuei buruzko inolako informaziorik, "ez kronogramarik, ez zirriborro proposamenik, ezta ekarpen eta emendakinak egiteko prozeduraren berririk ere". Gaurko osoko bilkuran, baina, Amaia Agirre alkateak iragarri du aurrekontuen zirriborroa lantzen ari direla.

Koalizio abertzaleka bere kezka agertu du, "larria" iruditzen zaiolako 100 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua maneiatzen duen Udal batek "aurreikuspenik gabe" jokatzea. "Getxok erronka handiak ditu esku artean, horietako asko herritarren bizi baldintzak hobetzeko ezinbestekoak direnak: etxebizitzaren problematika, zaintza lanen prekarizazioa, bazterketa egoeran dauden pertsonak, indarkeria matxista, komertzio txikiaren degradazioa… Asko eta asko dira aurrean ditugun egitekoak eta hauek ardura politikoa eskatzen dute", adierazi du EH Bilduk.

Talde subiranistaren arabera, udal-gobernuaren barne egoera "gatazkatsua" da, eta horrek Udalaren ohiko funtzionamendua "baldintzatzen du, harik eta Udal bat ardazten duen urteko elementu nagusietako bat, aurrekontuak, alboratuta utzi arte". Ildo horretan, ohartarazi du udalerriko funtzionamendua eta kudeaketan "paralisi-egoeran" dagoela. 

"Atzerapen honek ondorio ezberdinak izango ditu, baina kaltetu nagusiak Getxoko herritarrak izango dira, aurrekontu berririk gabe ezin delako herriaren planifikazio egokia egin. Egoera sozialak urtez urte aldatu egiten dira eta horregatik ezinbestekoa da urtero planifikazio egokia egitea, erronka eta beraz inbertsio nagusiak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko", adierazi du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun