Getxok espazio publikoaren kudeaketa eguneratuko du 3,97 milioiko kontratu jasangarri bategaz

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 28a

Kontratuak 3,97 milioi euroko aurrekotua du © HIRUKA

Getxoko Udalak garbiketa, lorezaintza eta ildasken kontserbazioa arautzen dituen agiri barria onartu du, udalerriaren kudeaketa publikoa klima-ekintzan eta jasangarritasunean oinarritutako eredura egokituz. Kontratuak 3,97 milioi euroko aurrekontua du, eta espazio publikoaren antolaketa hobea egitea du helburu.

Dokumentuak lehen aldiz hiru lote espezializatu bereizten ditu, zerbitzuaren eraginkortasuna eta kontrol teknikoa areagotzeko asmoz: hiriko berdeguneen garbiketa, lorategien zein zuhaitzen mantentze teknikoa, eta ildasken ertzen zein areken kontserbazioa. Arlo bakoitzean lan-talde espezializatuak egongo dira.

Kontratuak 18 hilabeteko iraupena izango du, luzapenik gabe. Horri esker, lan-baldintzak eta soldatak eguneratzeko aukera bermatuko da, baita langileen egonkortasuna ere. Era berean, etorkizunean hobekuntza teknologiko eta ingurumenekoak integratzeko malgutasun handiagoa aurreikusten da.

Horrekin batera, aplikatuko diren neurriak bide-segurtasunean eta landa-eremuen kontserbazioan eragin zuzena izango dute.

Iñigo Urkitza Ingurumen arloko zinegotziak nabarmendu duenez, "plegu hau ez da kontratu hutsa: herritarrekiko eta ingurumenarekiko dugun konpromisoaren tresna estrategikoa da", eta bere esanetan, espazio publikoaren kalitatea eta udalerriaren jasangarritasuna sendotzeko norabide argia ezartzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun