La Terraza eraikinaren ustiapena lagatzeko baimena ezetsi du Getxoko udalbatzak

Beatriz Antona Uribe 2025eko azaroaren 28a

Azaroaren Udalaren Osoko Bilkurak ezetsi zuen Ereagako “La Terraza” eraikina ustiatzeko kontratua beste enpresa bati lagatzeko baimen-proposamena, EAJen eta EH-Bilduren abstentzioarekin eta PPren eta PSE-EEren aurkako botoekin.

“La Terraza”-ko kontratua 2018an esleitu zen 10 urterako hilean 19.965 euroko kanonarekin. Egun, enpresa esleipendunak 600.000 euroko zorra du Getxoko Udalarekin eta kobrantza betearazpen-bidean dago. Kanona ordaintzea, zerbitzua ematea eta baldintza-agirietan ezarritako baldintza ekonomikoak betetzea kontratuaren oinarrizko betebeharrak ziren, baina enpresak ez ditu bete.

Egoera ikusita, sektoreko enpresa batek kontzesioa bere gain hartzeko proposamena aurkeztu zuen eta kontrol-organoen aldeko txostenak bermatzen du lagapena juridikoki bideragarria dela eta berme guztiekin baimendu daitekeela.

Udalbatza baino lehen, EAJk proposamenari zuzenketa aurkeztu zuen kontratua lagatzeko akordioa argitzeko, Aldi Baterako Enpresa Elkartea lagatzaileak enpresa berriari nola eta noiz helaraziko zaizkion argitu behar zela eskatuz. Aurkeztutako zuzenketa onetsi zen, baina enpresa berriari kontratuaren lagapen-proposamena ezetsi zen. Azken momentuan, EAJk abstenitzea erabaki zuen, enpresa berriaren finantza-egoerari buruzko zalantzak direla medio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun