Itzubaltzeta/Romon trafiko etenaldi puntualak egongo dira asfaltatze lanak direla eta

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 28a

Obrak Abenduaren 1etik 10era bitartean egongo dira © HIRUKA

Bizkaiko Foru Aldundia Itzubaltzeta/Romon eraikitzen ari den Belaunaldien arteko Zentroaren obrek trafikoan hainbat aldaketa eragingo dituzte datozen egunetan. Abenduaren 1etik 10era bitartean asfaltatze lanak egingo dira Kresaltzu eta Lope de Vega kaleetan, eta horrek hainbat mozketa eta norabide aldaketa ekarriko ditu auzoan. Epe horretan, Ezequiel Agirre kaleko zirkulazioa alderantziz desbideratuko da, inguruko ibilbideak arintzeko.

Lehenengo bi egunetan, abenduaren 1ean eta 2an, Lope de Vega, Kresaltzu eta Ezequiel Agirre kaleen zati batzuetan  garajeetara baino ezingo da sartu eta irten. Abenduaren 3tik aurrera, lanen erritmoaren arabera itxiko da trafikoa, batez ere Kresaltzu kalean eta elkarguneetan.

Zubiaren asteburuan, abenduaren 6tik 8ra, Kresaltzu eta Lope de Vega kaleak irekita egongo dira, baina Ezequiel Agirreren noranzkoaren aldaketak indarrean jarraituko du.

Abenduaren 9an eta 10ean, ordea, Kresaltzu kalea erabat itxiko da eta ezingo da Lope de Vega eta Ezequiel Agirre arteko konexioetatik pasa. Horregaz batera, egun horietan Areetatik (Negubide) udalerrira sartzea ez da posible izango, bertara sartzeko baimena duten ibilgailuentzat izan ezik. Lan horiek amaitutakoan, Ezequiel Agirreren ohiko zirkulazio-noranzkoa berrezarriko da.

Era berean, garraio publikoak ere aldaketak izango ditu. Izan ere, Bizkaibusek Areeta eta Berango lotzen dituen linearen ibilbidea aldatuko du obrek irauten duten bitartean. Hots, autobusak ez dira Erromotik igaroko eta Negubidetik desbideratuko dira Berangorako noranzkoan. Alderantzizko bidean, Areetara joatean, ohiko ibilbidea mantenduko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun