Getxok hondakinen kudeaketa hobetzeko kanpaina abiatu du

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 1a

Garbigertu puntuak 24 orduz daude zabalik, urte osoan zehar. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak kanpaina berria martxan jarri du Garbigertu puntu garbien eta tamaina handiko objektu berrerabilgarrien bilketa-zerbitzuaren erabilera sustatzeko. Helburua ekonomia zirkularra indartzea eta, aldi berean, bazterketa-arriskuan dauden pertsonen laneratzea bultzatzea da, Emaus enpresagaz elkarlanean.

Iñigo Urkitza Ingurumen zinegotziak azpimarratu du bi zerbitzu horiek "eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko aukera" eskaintzen dutela, murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena ardatz hartuta. 

Herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituzte Garbigertu puntuak: egun 10 daude martxan, eta abenduan beste bat gehituko da. Guztiak 24 orduz daude zabalik, urte osoan zehar. 2024ko uztaila eta 2025eko urrian bitarteko datuen arabera, 44.805 kilo hondakin utzi dira edukiontzi horietan; besteak beste, olioak, pinturak, pilak, tresna elektronikoak edo iraungitako sendagaiak jasotzen dituzte.

Bestalde, tamaina handiko objektuen bilketa-zerbitzuak 38.400 kilo inguru bildu ditu epe berean, 631 etxebizitzatan esku hartuta. Zerbitzu hau doakoa da eta altzariak, etxetresna elektrikoak edo bigarren bizitza izan dezaketen bestelako objektuak berrerabiltzea du helburu. 

Laneratzearen aldeko apustua

Emaus enpresak  bi zerbitzuak kudeatzen ditu, eta gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea sustatzea du xede. Zerbitzu horiei lotuta, laneratzeko ibilbideetan parte hartzen duten pertsonentzako bi lanpostu daude, lan-jarduera, prestakuntza espezializatua eta gaitasun profesionalen garapena uztartzen dituztenak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun